Bouaziz Ait-Chebib. Kabiliaren Autonomiarako Mugimenduko burua

«Gobernua eta islamistak molde bereko ezkilak dira»

Kabiliak jasaten duen indarkeria islamista Aljeriako Gobernuak hauspotutakoa dela uste du Ait-Chebibek. Arabiar-islamisten uztarriari uko egiteagatik ezarritako zigorra delakoan dago.

KARLOS ZURUTUZA.
Tizi Ouzou
2012ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Bouaziz Ait-Chebib MAK Kabiliako Autonomiarako Mugimenduko presidentea da, eta bere ustez autodeterminazioa da amazighen auzia konpontzeko gakoa.

Zer dela eta sortu zen MAK?

2001ean eratu zen eta, dagoeneko, Kabiliako lehen indar politiko bihurtu gara. Batetik, Autonomia Estatutuaren alde lan egitea zuen xede; bestetik, Aljeriako Gobernuaren jazarpenaren kontra. Kabiliako komunitate guztiak ordezkatzen dituen Batzorde Exekutiboa eta Kontseilu Nazionala eratu ditugu. Funtsean, 1857an Frantziako kolonizazioaren ondorioz galdutako subiranotasuna berreskuratu nahi dugu, Aljeriako Gobernuak goratzen duen bandera arabiar-islamistaren itzalpetik libre bizitzeko.

Zilegi da bozetan parte hartu gabe Kabiliako lehen indarra zaretela esatea?

Aljerek ez du Kabilia onartzen eta, beraz, gobernuak antolaturiko bozetan ez dugu parte hartzen. Otsailaren 10eko parlamenturako hauteskundeetan bozkatzearen kontrako kanpaina bizia gauzatu genuen, eta herrialdeko parte-hartzerik txikiena lortu genuen. Agerian geratu zen MAK dela Kabilia mobilizatzeko ahalmena duen bakarra. Edozein modutan, oso baldintza gogorretan lan egin behar dugu, larderia, apetaren araberako atxilotze, galdeketa eta hedabideen boikotaren presiopean. Bilerak egiteko debekatuta daukagu eraikuntza publikoak erabiltzea, eta atzerriko potentzien soldatapeko separatista gisa aurkezten gaituzte. Halere, kabiliarrek heldutasun politiko handia erakutsi dute aljeriar gobernuaren ondoan. Aljerren basakeria arrazistaren aurrean herriaren laguntza dugu babes.

Horregatik eten nahi dituzue beraz aljeriar estatuarekikoak?

Boterea eta islamistak molde bereko ezkilak dira. Kabilia zapaltzerakoan ezbairik gabe batu ohi dituzte indarrak. Arabiarrak ez diren aljeriarrak ez dira beren herrialdean onartuak. Kabiliaren ukazioa, azken batean, berbereen ukazioa da, Ipar Afrikako aurreneko bizilagunena. Gure arteko 1.228 gazte dira gaurdaino Poliziak hil dituenak. Bitartean, Aljeriako beste eskualde batzuek axolagabekeriaz jokatzen dute, nahiago dute elkartasuna Palestinari erakutsi guri baino.

Indarkeria islamista fenomeno endemiko bilakatzen ari da Kabilian. Nola gerta daiteke hori, bere burua «ez arabiartzat» eta «laikotzat» jotzen duen eskualde batean?

Islamismo eta fundamentalismoaren antitesi gisa da ezaguna da gure eskualdea, hortaz, pentsaezina da terrorismo islamikoaren oinarri izan daitekeenik. Talde armatu horiek Aljeriako Gobernuak sartzen ditu hemen, Kabilian izua sorrarazteko asmoz. Arabiar-islamisten uztarri pean bizitzeari uko egin diogu, eta hauxe da jasaten ari garen zigorra. Eskualdean dago Aljeriako armadaren %40a baino gehiago eta, hala ere, talde terroristak zigorgabetasun osoz ari dira. Atentatu, bahiketa eta nagusikeriez gain, Kabilia lur errearen politikaren biktima ere bada. Terrorismoaren kontrako borrokaren aitzakiapean, Aljeriako armadak geure basoei su ematen die, natura baliabideak gal ditzagun.

Tuaregak ere amazighak dira, antolaketa harremanik baduzue beraiekin? Eta Azawadekin?

Mundu justuagoa nahi duen orok MNLA Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimenduri lagundu behar dio. Tamalez, talde islamistek Azawaden independentziari boikota egiten diote. Aljeriako Estatuak ezinbesteko tresna du Ansar Dine talde terrorista; hari laguntza emanez estatu amazigh independentearen sorrera zapuztea du helburu. Berriki, talde horren ordezkaritza bat jaso zuen Aljerrek ofizialki, Azawaden kontrako ahaleginak koordinatzeko asmoz. Aljeriak Saharako herriaren independentzia aitortzen du. Zergatik ez Azawadena? Saharar herria arabiarra da; Azawad, aldiz, amazigha. Horra Aljeriako Estatuaren arrazakeriaren froga.

Maiatzean Ferhat Mehennik —egoitza Parisen duen Kabiliako erbesteko lehen ministroa— Israelera egindako bisitan Tel Avivekin harremana sendotzeko deia egin zuen. Aitortzen al dituzue zuek herri palestinarraren oinarrizko eskubideak?

Israelgo Estatua onartzen dugun modu berean, Palestinako herriaren independentziarako borroka babesten dugu, estaturik gabeko herri guztien eskubideak onartzen ditugun heinean. Estaturik gabeko nazioa desagertzera kondenaturik dago.

Zuen arazoak konpon ditzake balizko Aljeriako Udaberri Arabiarrak?

Arabiar hitza Afrika iparraldean bidegabekeria historikoarekin lotuta dago. Egiptokoa bezalako iraultzarik ez dugu nahi, islamismoak beste totalitarismo baten lekua hartu baitu han. Herrialde horietan iraultzaz hitz egitea entelekia baino ez da, funtsean,ez dago ezberdintasunik erregimen zaharraren eta berrien artean. Libiako adibidea adierazgarria da oso: Gaddafiren eroraraztearen egile nagusiak Zwarako gure anaia amazighak izan ziren, baina abiapuntu berean daude gaur. Islamistek hartu dute kontrola eta amazighen ukazioak bere horretan dirau. Hala, autodeterminazio eskubidea eskatzen dugu. Geurea, baina, ez da beste aljeriarren kontrako proiektua. Aljeria pluralistarentzat nahiz Ipar Afrikako beste herrientzat eredugarri izan gaitezkeelakoan gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.