Espainiako gobernabidea

Gobernua ez eze, egonkortasuna eskatu dio Rajoyk PSOEri

Aurrez aurreko ideologikoak baztertzeko eta indarrak metatzeko eskaria luzatu dio: "Hori da denon zeregina aurrekaririk gabeko egoera honetan". Bihar berrekingo diote saioari, 09:00etan.

Mariano Rajoy, inbestidura saioan. CHEMA MOYA / EFE
jon olano
2016ko urriaren 26a
07:54
Entzun

Larunbatean presidente izendatuko dutela dakienaren ziurtasunarekin irten da Mariano Rajoy PPko presidentegaia Espainiako Kongresuko hizlarien tribunara, Espainiako gobernuburua aukeratzeko inbestiduraren lehen saioan. Rajoyk badaki ostegunean ez duela beharrezkoa duen gehiengo absolutua lortuko, baina bai, ordea, larunbatean lortuko duela gobernuko presidente izenda dezaten behar duen gehiengo soila.

Lasaitasun horrekin eta gobernu programa abuztuko inbestidura saioan aurkeztu zuenaren orokortasunarekin hartu du hitza Rajoyk. Gobernuburu izendateaz gain, "egonkortasuna" bermatzeko eskatu dio PSOEri: "Gobernu egonkor, iraunkor eta lasaigarria behar du Espainiak".

Hitzeman du "elkarrizketara zabaldutako gobernua" izango dela berea. Pentsio sistemaren bideragarritasuna, immigrazioa, indarkeria matxista, klima aldaketa... zenbait gairen garrantzia legealdi bat baino harago doala azpimarratu du Rajoyk, horien inguruan akordioak proposatzeko. Esaterako, gehiago zehaztu gabe, sei hileko epean hezkuntzari buruzko akordio bat lortzea eskaini du.

PPko presidentegaiak orokorki aipatu ditu gai gehienak, baina Kataluniako prozesu subiranistari aipamen berezia egin dio. Ez, ordea, berria: "Ezein organok ezin dio Espainiako herriari ukatu bere etorkizunaz eta lurraldeaz erabakitzeko eskubidea". "Lurralde arteko elkartasuna" berrikusteko prest agertu da, baina "legalitatea eta espainiar guztien eskubideak errespetatuz".

PSOEko ildo ofiziala, kritikoak konbentzitu nahian

Rajoyren izendapena bermatuta, PSOEren barne zatiketa larunbatera bitartean nola garatzen den dago ikusteke. Gaurko saioan, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi ohia izan da protagonistetako bat. Aurrena, ez da izan PSOEko diputatuek saioaren aurretik eginiko bileran, baina gero saioan izan da, eta ziurtatu du ezezko botoa emango duela ostegunean. Ez du argitu, ordea, zer egingo duen larunbatean. Alderdiko hainbat diputaturen besarkadak jaso ditu, baina baita bosteko hotzak ere; tartean, Antonio Hernando PSOEko kongresuko bozeramailearena.

Hain justu, Hernandok eman du hizpidea egunean zehar. Gutun bana bidali die bigarren bozketan Rajoyren aurka bozkatzeko asmoa adierazi duten PSOEko diputatuei, ohartaraziz ez dagoela boto askatasunik eta alderdiko Batzorde Federalak abstenitzea erabaki zuela.

Rajoyren diskurtsoarekin kritiko azaldu dira Nagua Alba, Aitor Esteban eta Marian Beitialarrangoitia Unidos Podemoseko, EAJko eta EH Bilduko diputatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.