«Nire familia osoa hil dute eta ez dakit nor den erantzulea», zioen atzo Sami Ulak. AEBetako Armadak etxea bonbardatu zion. Washingtonek, ordea, ez zuen inolako adierazpenik egin. Islamabadek berak ere ez zuen AEBetako Armada aipatu erasoa salatu zuenean, nahiz eta AEBek Pakistanen duten enbaxadore Ryan Crockerri azalpenak eskatu zizkion. «Horrelakorik ez dela gehiago gertatuko ziurtatzea nahi dugu», nabarmendu zuen Pakistango Informazio ministro Rashid Ahmedek.
Wahingtonek gertatutakoaren inguruan adierazpenik egin nahi izan ez zuen arren, Estatu Batuetako komunikabideek azaldu zutenez, Al Kaedako buruzagiorde Aiman al Zauahiri Damadolan, Bajur eskualdean, zegoelakoan bonbardatu zuten herrixka. Pakistango nahiz AEBetako inteligentzia zerbitzuen esanetan, CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren aginduz herriaren kanpoaldean zegoen eraikin bat bonbardatu zuten, Al Kaedako buruzagia han zegoelakoan. Baina erasoan 18 zibil hil eta hiru etxebizitza suntsitu zituzten. Hildakoen artean haurrak eta emakumeak zeuden. Hala ere, herritarren esanetan hildakoak 30 inguru dira. Ulak, esaterako, bere familiako 24 kide hil zituztela salatu zuen.
Pakistango inteligentzia zerbitzuen, talibanen eta Al Kaedaren arabera, Al Zauahiri ez zegoen herrixkan hura bonbardatu zutenean. «Informazioa okerra zuten eta datu faltsuetan oinarritu ziren erasoa egiteko», azaldu zuen inteligentzia zerbitzuetako kide batek. Herritarrek, berriz, ukatu egin zuten Al Kaedako buruzagia inoiz han egon dela. Komunikabide estatubatuarren arabera, aldiz, buruzagia eta haren lau kide hil dituztela uste du CIAk. Zenbait iturriren arabera, erasoa izan eta gutxira ezezagun batzuek bost atzerritarren gorpuak eraman zituzten. Gorpuak nork eraman zituen argitu ez zuten arren, haiek identifikatzeko asmoz, DNA frogak egiten ari zirela zabaldu zuten.
Herritarrak, suminduta
Zenbait iturriren arabera, erasoa izan baino minutu batzuk lehenago, ezezagun batzuk herritar baten etxean ezkutatu ziren. Sha Zamanek, baina, ukatu egin zuen halakorik: «Ez dut ekintzaileekin inolako loturarik. Legea errespetatzen duen nekazari bat naiz». Zamanen etxea suntsituta geratu zen erasoaren ondorioz, eta bi seme eta alaba galdu zituen bonbardaketan. Ostiral goizean hegazkinen hotsa entzun zuen Zamanek, eta ondoren zortzi leherketa. «Kanpora atera nintzen eta herria bonbardatzen ari zirela ikusi nuen. Atzera begiratu nuenean, nire etxea suntsitu zutela ohartu nintzen».
Komunikabideen arabera, urrutitik gidatutako hegazkin batek hamar bonba jaurti zituen, ustez Al Zauahiri ezkutatzen zen eraikinaren kontra. «Aspalditik saiatu gara atzerritarrak tribuen lurraldeetatik bidaltzen, horiek izan direlako eskualde honetako miseriaren eta indarkeriaren erantzuleak. Egoera honek amaitu egin behar du», adierazi zuen Informazio ministroak. Gauzak horrela, 8.000 herritar inguru bildu ziren atzo Inaiat Kala herrian, Damadolatik gertu, erasoa salatzeko. Hango alderdi islamiko bateko kide Sahibzada Haroon ur Rashidek hildako guztiak zibilak zirela salatu zuen eta «terrorismo irekia» egitea leporatu zion Estatu Batuetako Armadari. Estatu Batuek hilabete honetan Pakistanen egin duten bigarren erasoaldia izan zen atzokoa. 2001eko irailaren 11ko erasoez geroztik dabiltza Al Kaedako buru Osama Bin Ladenen eta Al Zauahiriren bila. Azken hori entregatzen duenari 25 milioi dolarreko saria eskaintzen diote Estatu Batuek. Baina orain arte ez dute lortu ez hura eta ezta Bin Laden aurkitzerik.
Gobernuak erasoa gaitzetsi eta azalpenak eskatu ditu
AEBen erasoaldia salatzeko, 8.000 herritar bildu dira Inaiat Kalan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu