Zine El Abidine Ben Aliren 23 urtetako diktadurari amaiera ipini dion gizarte iraultzak ez du amaierarik oraino. Diktadoreak herrialdetik alde egin eta ordu gutxira, demokrazia bidean jarri da Tunisia. Behin-behineko gobernuak hauteskundeak sei-zazpi hilabete barru ospatzea adostu du oposizioko alderdiekin. Horietan nazioarteko ikuskaritza bat izatea ere ezinbestekotzat jo dute. Horretarako, baina, legea aldatu beharko dute; izan ere, Konstituzio Kontseiluak 60 egunetako epea eman dio Fued Mebaza behin-behineko presidenteari bozetara deitzeko.
Konstituzioari jarraiki, legebiltzarreko orain arteko presidentea, Mebaza, jarri du Konstituzionalak herrialdearen buruzagitzan. Kargua hartzeko orduan, hasi den aro politikoan hiritar bakar bat ere ez baztertzea agindu du.
Ben Aliren ihesaldiaren ostean, Mohamed Ganutxik hartu zuen gidaritza Konstituzioko 56. arauari jarraiki. Legearen arabera, «presidentearen behin-behineko eragozpena» ikusita berari baitzegokion lidergoa. Konstituzio Kontseiluak, baina, betiko itxi nahi izan dio bidea 23 urtez boterean egon denari. Horrexegatik izendatu dute Mebaza Tunisiako presidente. Lehen ministro izendatu du Ganutxi, eta «batasun nazionaleko gobernua eratzearen» ardura eman dio.
Saudi Arabian babestuta
Bitarte horretan, Ben Alik Saudi Arabian hartu du babesa. Ostiral arratsaldean, haren dimisioa eskatzen ari ziren herritarren presioari ezin eutsirik, kargua utzi eta herrialdetik alde egitea erabaki zuen. Riadek ongietorria eman dio, eta «zehaztugabeko epe batez» bertan geldituko dela adierazi du. Hasiera batean, Frantziara bidean zela iragarri zuten, baina Parisek ateak itxi zizkion Ben Aliri. Izan ere, bisitari ezerosoa bilakatu da diktadorea gauetik goizera. Frantziak ukatu egin du inork babes politikoa eskatu diola, baina eskatuta ere ezezkoa emango ziotela azaldu du Nicolas Sarkozyren gobernuak. Orain arte Tunisiako presidente ohia atseginez hartu izana egotzi dio Tunisiako oposizioak Frantziari. Herrialdeak salaketak ukatu ditu, eta Ben Alirena erregimen autoritarioa zela berretsi du.
Kaleak azken orduetan baretu badira ere, normaltasunetik urrun daude. Gauez, etxeratze agindua indarrean jarri duten arren, dendak garbitzera irten dira batzuk. Ondorioz, liskarrak izan dira. Eraso horien atzean diktadorearen aldekoak egon daitezkeela diote herritarrek. Izan ere, erasoekin herrialdea ezegonkortu nahi duten ustea baitute.
Armadak Tunis hiriburuko kaleak hartu ditu. Iragan abenduaren 17az geroztik herrialdean piztu den gatazkaren errepresioan ez du esku hartu. Orain, baina, tankeak ikus daitezke kaleetan, eta airez, helikopteroen bidez kontrolatzen dute egoera.
Herrialdeko espetxeetan gertatu ziren atzo istilurik larrienak. Monastir probintziako kartzela batean presoek koltxoiak erre zituzten, eta sute handi bat eragin zuten. Segurtasun indarrak matxinada geldiarazten saiatu ziren. Gutxienez 40 lagunek galdu zuten bizia istilu horretan. Tunisiako beste hainbat kartzelatan ere matxinada saioak egin dituzte.
Bitartean, salbuespen egoerak indarrean jarraitzen du ostiralaz geroztik.
Nazioarteko babesa
Mundu osoko hainbat hiritan elkarretaratzeak egin dituzte tunisiarrei elkartasuna adierazteko. Jordanian eta Egipton, esaterako, jendetza bildu da Ben Aliren erregimenari amaiera emateagatik tunisiarrak zoriontzeko. Azken honetan egin diren elkarretaratzeetan 1981. urtetik agintean dagoen Hosni Mubarak Egiptoko presidentearen dimisioa eskatu dute hainbat herritarrek. Jordanian ere agintariei Ben Aliren bide bera jarrai dezaketela ohartarazi diete.
Genevan, Suitzan, NBEren eraikinaren aurrean, 800dik lagun bildu dira. Italian ere, beste hainbat hiriren artean, egin dituzte elkarretaratzeak Tunisiako enbaxadaren atarian.
Gobernuak eta oposizioak bozak sei hilabete barru egitea adostu dute
Oposizioko alderdien eskaerei erantzunez, batasun nazionaleko gobernua eratzea agindu du behin-behineko presidenteakKalean egoera baretu den arren, protesta batzuk egon dira; espetxeetan batik bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu