Filipinetako LGTBI komunitatea Asiako ezagunenetakoa da, bai haren bizitasun ikaragarriagatik eta bai tinko aritzeagatik denentzat eskubide berak lortzearen alde arlo guztietan, nahiz eta herrialdea nagusiki katolikoa izan. Nolanahi ere, komunitate horretako kide guzien egunerokoa ez da kolorez eta ospakizunez betea: gehien ahanzten eta baztertzen direnen artean daude LGTBI komunitateko adinekoak, garai batean beki-ak edo golden beki-ak deituak, gutxiespenez. Zailtasun handiak eta arazo espezifikoak izaten dituzte, baina, anitzetan, jende gehiena ez da ohartu ere egiten horretaz.
Bada, horren harira, Filipinetako zenbait talde —tartean Golden Bekis antolakundea— lanean ari dira kolektibo zaurgarri hori ikusarazteko, kideen bizi baldintzak duintzeko eta dituzten beharrei erantzuteko. Golden Bekisek berriki egin dituen ekitaldi publikoetako batean izan da BERRIA, Baclaran auzoko udaletxearen parean, Parañaque hirian. Ekitaldi horren bidez, omenaldia egin nahi izan diete arlo batean edo bertzean bazterkeria jasan duten Golden Bekiseko kideei.
LGTBI komunitateko adinekoek zailtasun anitzi buru egin behar diete Filipinetan: izan adinagatik behin eta berriz jasaten duten bazterkeria soziala, izan lan aukerarik eza, edo izan bakartze soziala. Adineko horietako anitz bakarrik bizi dira, familiartekoek ez diete laguntzen, eta lagunen edo sare komunitarioen beharra dute bizirik irauteko. Kyle Mendrez Golden Bekis taldearen sortzailea da, eta, haren hitzetan, «LGTBI komunitateko adinekoek ez dute ez diru sarrera finkorik eta ez oinarrizko zerbitzuak baliatzeko aukerarik ere, duten adinagatik eta genero identitateagatik».
Omenaldian izan direnen artean nabarmenenetako bat Rowena Guanzon Bing da, Filipinetako Hauteskunde Batzordeko komisario izana eta administrazio publikoan itzal handia duen familia bateko kidea. Hain zuzen ere, Elvira Guanzon zuen ama, 36 urtez Negros Occidental probintziako zuzendaritza batzordean aritua, boluntario gisa lege laguntza ematen; bertzalde, Rowenaren aitak, Sixto Guanzon epaile ohiak, AEBetako Kongresuaren Urrezko Domina jaso zuen, 17 urte baino ez zituela japoniarren okupazioaren kontrako gerrillari gisa erakutsitako ausardiagatik. Rowena Guanzon Cadizen handitu zen, Negros Occidental probintzian, hala adimena nola ausardia balioesten ziren inguru batean; gainera, txikitatik ikusi zuen gurasoek zer-nolako konpromisoa zuten zerbitzu publikoa ematearekin eta justiziarekin.
«Modu bakarra dago denak hobeki bizitzeko: segurtatzea inor ez dela gibelean gelditzen»
KYLE MENDREZ Golden Bekis-en sortzailea
Honela azaldu du Guanzonek: «LGTBI kolektiboko adinekoak luzaroegi utzi dira bazterrean». Haren hitzetan, «kolektibo horretako kideei oro har eta batez ere adinekoei aditu egin behar zaie erabakiak hartzen diren esparruetan». Preseski, Guanzonek beharrezkotzat dauka legeak eta programak ezartzea herritar horien eskubideak babesteko eta haiei ere oinarrizko zerbitzuak eskura jartzeko, tartean osasun zerbitzuak eta etxebizitza arlokoak.
Gainera, LGTBI komunitatearen beraren barnean okerreko uste bat zabaldua da adineko horien inguruan: «bizia alferrik galdu» dutela zahartzen zirenerako ez aurrezteagatik eta planik ez egiteagatik. Santy Layno Ladlad alderdiko bozeramailea da —alderdi hori LGTBI komunitatearen eskubideen aldekoa da—, eta erran du adinekoei buruzko ideia hori injustua eta sinplista dela: «Herritar horietako anitzek etxetik kanpo lan egin eta familiartekoak zaintzen zituzten, baina, azkenean, zaindutako horiek berek baztertu egin zituzten», azaldu du Laynok.
«Sostengu ekonomikoa izateko baino gehiago, beharra dute norbaitek entzuteko eta bakarrik ez daudela sentitzeko»
SANTY LAYNO Ladlad alderdiaren bozeramailea
Bai Ladlad taldeak eta bai Guanzonen alderdiak, hau da, P3PWD Familien, Pazienteen eta Desgaitasunen Bat Dutenen Komunitateak zera nahi dute, gizarteak oro har arreta jar dezala sektore ahantzi eta anitzetan baztertu horretan. «Egiezue bisita», erran du Laynok, jendea horretara bultzatzeko helburuz. «Sostengu ekonomikoa izateko baino gehiago, beharra dute norbaitek entzuteko eta bakarrik ez daudela sentitzeko, eta hori ez da soilik LGTBIQ+ komunitatearen ardura, baizik eta gizarte osoarena».
Behar jakin batzuk
Hori dela eta, LGTBI komunitateko adinekoei laguntzeko Golden Bekis antolakundeak egunero egiten du lan jende hori Manilan integratzeko, jakinik, gainera, hango gizartean desberdintasun sozial eta erlijioso handiak daudela. Bertzeak bertze, antolakundeko kideek lagun egiten diete, haien eskubideen alde aritzen dira, eta eskura paratzen dizkiete bizi kalitatea hobetzeko zenbait baliabide. «LGTBI komunitateko adinekoek behar espezifiko batzuk dituzte, eta kontuan hartu beharrekoak dira», erran du Golden Bekisen sortzaileak. «Haietako anitz barkatuak daude, ez dute osasun zerbitzuetara jotzeko behar bertze aukerarik, eta zailtasun ekonomikoak dituzte. Gure zeregina da ziurtatzea denek, adina goiti-beheiti, aukera izanen dutela duin eta bete-betean bizitzeko».
LGTBI komunitateko adinekoak Manilako auzoetako bizi kolektiboan sarraraztea ez da justizia kontu hutsa, baizik eta gizatasun kontua ere bai. Kontuan hartuta Filipinetan maiz baztertzen dela jendea arau kulturalen eta erlijiosoen arabera ez duelako bat egiten joera tradizionalekin, Golden Bekis eta gisa bereko egitasmoak dira jende multzo txiki horrentzako helduleku bakarra. Mendrezek argi azaldu du: «Modu bakarra dago denak hobeki bizitzeko: segurtatzea inor ez dela gibelean gelditzen». Horretarako, laguntza materiala emateaz gain, zenbait gune sortu behar dira jende horrek senti dezan norbaitek aintzat hartzen duela eta aditzen diola.