Golkoko gerra hotza

Monarkia sunitek buruzagitza militar bateratua sortu dute, eta Irani haien «barne arazoetan ez sartzeko» ohartarazi dioteTeheranek sei eguneko ariketa militarrak hasiko ditu Ormuzko itsasartean, etzi

mikel rodriguez
2012ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Munduko ekonomia nagusiek erregai fosiletan oinarritzen jarraituko duten heinean, Persiako golkoak arreta gune nagusia izaten segiko du, ekoizle handienak han daude eta. Horren ondorioz, tentsio eta gatazka anitzen sorlekua da eremu hura. Urte amaieran ere tentsioa haz litekeela dirudi, golkoaren bi kostaldeetako aktoreek iragarri dituzten neurriei erreparatuz gero. Alde batetik, Iranek Ormuzko itsasartean sei eguneko ariketa militarrak eginen dituela jakinarazi du, etzitik hasita. Iragan urte amaieran ere hamar eguneko ariketak egin zituen, eta horrek AEBekin sortu zuen mehatxu kateak ezabatu ez den gerra giroa ekarri zuen. Bertzalde, golkoko monarkia sunitek buruzagitza militar bateratu bat sortuko dutela iragarri dute, eta akusazio larriak egin dizkiote Irani, eta haien «barne arazoetan ez sartzeko» ohartarazi. Golkoko gerra hotzaren ezaugarriak: monarkia suniten eta errepublika xiitaren arteko etengabeko tentsioa, AEBen presentzia erabakigarriarekin.

GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluak urteroko bilkura egin du, Bahraingo Manama hiriburuan. Sei herrialdek osatzen dute GCC: Arabiar Emirerri Batuek, Bahrainek, Kuwaitek, Omanek, Qatarrek eta Saudi Arabiak. Guztiek bi ezaugarri nagusi dituzte: monarkia sunitak dira, eta petrolioa eta gasa dituzte baliabide ekonomiko nagusitzat. Manamako bilkuraren adierazpen bateratuan, GCCko kideek «lankidetzaren aroa amaitu eta batasunari» ekin behar diotela aldarrikatu dute, «herritarren ongizatea lortuko duen erakunde bakarra» osatzeko. «Ekonomia, atzerri politika, eta defentsa sistema bateratuak izanen dituen batasun indartsu bat sortzeko helburua dugu», adierazi du Saudi Arabiako koroaren oinordeko Salman bin Abdul Aziz printzeak.

Oraingoz, lehentasuna arlo militarrari eman diote. Buruzagitza bateratu bat eratu dute sei herrialdeetako armaden lurreko, itsasoko eta aireko misioak zuzendu eta koordinatzeko. Herrialde arabiarretako matxinadei eta Irani begira hartutako neurria izan da hori. Hamad bin Isa al-Khalifa Bahraingo erregeak, adibidez, eskerrak eman dizkie gainerako herrialdeei, iazko martxoan haren agintearen aurkako matxinada lehertu zenean, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek tropak bidali zituztelako errebolta zanpatzeko.

GCCko bertze herrialdeetan ez bezala, Bahrainen herritar gehienak xiitak dira (%70 inguru), eta monarkia sunitak ezarritako diskriminazioa salatzen dute. Saudi Arabian ere monarkiaren bereizkeriaz kexu dira xiitak; Ekialdeko Probintzian herritarren %75 inguru dira, eta herrialde arabiarretako matxinaden arrimura, xiiten protesta mugimenduak indartu egin dira. Riadek gogor zanpatu ditu horiek. Ekialdeko Probintzian interes anitz ditu jokoan Saudi Arabiak, han baitaude munduko petrolio erreserba handienak. GCCko herrialdeentzat, xiiten mobilizazioak Iranek sustatzen ditu.

AEBen aliatu ekonomiko eta militar estuak dira GCCko kideak; AEBek base militarrak dituzte sei herrialde horietan, eta Bahrainen dute kokatuta armadaren Bortzgarren Ontzidia, Somaliatik hasi, eta iparraldetik Sinairaino, eta ipar-ekialdetik Pakistaneraino dauden itsasoetan diharduen indar militar nagusia.

Petrolioaren itsasartea

Hain zuzen, Iranek ur horietan iragarri ditu ariketa militarrak; zehazki, Persiako golkoko irteera eta sarrera den Ormuzko itsasartean, eta Indiako Ozeanoko iparraldeko uretan. Habibollah Sayyari itsas armadako buruak duela hilabete aitzinatu zuen hurrengo maniobrak iazkoak baino handiagoak izanen zirela.

Iaz, programa nuklearra zela-eta AEBek eta Israelek egindako mehatxuen ondoren egin zituen maniobrak Iranek. Ormuz ixteko mehatxua egin zuenean jo zuen goia tentsioak, AEBek hori ez zutela inolaz ere onartuko erantzun baitzuten. Izan ere, puntu estuenean soilik 54 kilometro zabal den itsasartetik munduko itsaso bidezko petrolio garraioaren herena pasatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.