Klima larrialdia

Golkoko itsaslasterra uste baino lehenago eten daitekeela ohartarazi dute

Itsaslasterra etengo balitz, denbora laburrean asko alda liteke munduko klima

Adituek uste dute Groenlandiaren izotz urtzea dela prozesu horren eragile handiena. NASA EARTH OBSERVATORY
inaki petxarroman
2023ko uztailaren 26a
16:37
Entzun

Dagoen latituderako Europari daukan tenperatura epela bermatzen dion Golkoko itsaslasterra — zientzialariek Atlantikoko iraultze meridionaleko zirkulazioa (AMOC) izenez ezagutzen dutena— uste baino lehenago eten daitekeela jakinarazi du Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek. Ez da zientzialariek hipotesi hori aipatu duten lehen aldia, baina ikerketa honen berritasuna da balizko kolapso horren data lehen pentsatzen zena baino askoz ere lehenagorako iragarri dutela. Izan ere, ikerketa egin dutenen arabera, 2057. urtearen inguruan gerta daiteke itsaslaster garrantzitsu horren kolapsoa.

Itsaslaster horrek ekuatoreko ur epelak (pisu eta dentsitate gutxiago du) iparraldera garraiatzen ditu, itsas azaletik. Bidaia horretan, Ipar ekialdeko Amerika eta Europa mendebaldeko klima epeldu egiten du ur bero horrek. Klima aldaketaren erruz izaten ari diren Artikoko izotzen urtzeak, baina, eragina dauka itsaslaster horretan, ur gezago eta pisutsuago horrek lehen aipatutako zirkuitu horretan eragiten ari delako, arriskuan jartzeraino.

Ikerketaren egileetako batek, Susanne Ditlevsenek, jakinarazi du duela 12.000 urte indartu zela itsaslaster hori, azken glaziazio aldiaren bukaeran. Azken aldian, baina, ahultzen ari da, izotzen urtzearen erruz. Gai hau ikertzen ari diren aditu gehienek uste dute Groenlandiaren izotz urtzea dela prozesu horren eragile handiena, eta atzetik doakiola Artikoko izotz geruzaren urtzea.

Azken ikerketa horren egileek XIX. mendetik hasita, ipar mendebaldeko atlantikoko azalerako uren tenperaturaren bilakaera aztertu dute, eta nabarmendu dute horretan izaten ari den aldea. Datu horiekin lanketa estatistiko bat eginez, Naturen argitaratu den ikerketa horien egileek iragarri dute 2057rako gerta daitekeela, probabilitate handiz, itsaslaster horren etena. Prozesu horretan eragin dezake karbono isurketen murrizte drastiko batek bakarrik, ikertzaileen arabera.

Golkoko itsaslaster hori munduko klimaren erregulatzaile nagusietako bat da, eta, hain zuzen ere, zientzialariek atzera bueltarik gabeko bederatzi puntuetako bat dela ondorioztatu dute. Hura etengo balitz, denbora laburrean asko alda liteke munduko klima, eta, adituen ustez, besteak beste, Europan tenperatura nabarmen hotzagoak nagusituko lirateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.