GERRA UKRAINAN

Gonbidapen baterako «pauso zehatzak» eskatu dizkio Zelenskik NATOri

Aliantza militarraren goi bileraren atarian, «keinu argi bat» nahi du Ukrainako presidenteak. Errusiaren eraso batean bi zibil hil dira Dnipron.

Volodimir Zelenski, gaur, Pragan. EFE
Igor Susaeta.
2023ko uztailaren 7a
12:33
Entzun

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak goi bilera bat egingo du datorren asteartean eta asteazkenean Vilniusen, eta Jens Stoltenberg idazkari nagusiak esana dauka batzar horretan ez dutela hitz egingo Ukraina aliantzarekin bat egitera formalki gonbidatzearen gainean. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, ordea, oraindik ere zain dago Mendebaldeko aliantza militarrak bide horretan urrats bat noiz egingo. «Keinu argi bati buruz hitz egiten ari gara: gonbidapen baterako bidean eman beharreko zenbait pauso zehatzez. Motibazio hori behar dugu», nabarmendu du gaur, ohar batean. Aliatuei «zintzotasuna» eskatu die.

Lituaniako hiriburuan egingo duten goi bileraren atarian, aliatuak eztabaidatzen ari dira nola hurbildu Ukraina haiengana, baina haiekin bat egiteko gonbidapen formal bat egin gabe. Stoltenbergek esan izan duenez, aliatuek adostua dute Ukraina kide bihurtzea, baina «epe luzera». Mezu hori azpimarratu du gaur ere, behin Zelenskiren hitzen berri eduki eta gero, agerraldi batean: «Ukraina kide bihurtuko da; horretan ados gaude. Hori mezu garrantzitsu bat da jada». Eta aliatuen eta Ukrainaren beraren teilatuan utzi du pilota, esan baitu haien esku dagoela erabakitzea noiz bat egin.

NATOk «segurtasun bermeak» eskain diezazkioke Ukrainari; idazkari nagusiak hala esan izan du beste batzuetan. Ez dakite, ordea, horiek nola artikulatu. «Segurtasun akordioak» planteatzen dituzte; horrek esan nahi du, laburbilduz, konpromiso politikoa indartzea eta laguntza eta formakuntza militarra areagotzea.

Beste inoiz ere «erabaki argiak» eskatu izan ditu Ukrainako presidenteak, eta gaur adierazi dio aliantzari «ausardia» erakusteko aukera duela orain. «Badira Moskura begiratzen dutenak, haren beldur direnak». Aintzat hartu behar da inbasioa hasi baino hilabete batzuk lehenago «segurtasun» eskaera batzuk egin zituela Vladimir Putinek, eta horietako bat zela NATO 1997ko mugetara itzultzea; aliantzak Europa ekialdeko herrialdeetan presentziarik ez edukitzea, alegia. Eta inbasioa hasi eta hiru astera, Zelenskik azpimarratu zuen onartzen zuela Ukraina inoiz ez zela izango aliantzako kide. 2008tik agertu izan du nahi hori.

Hori ez da Zelenskiren eskaera bakarra. Txekiako lehen ministro Petr Fialarekin batzartu da gaur, Pragan, eta ondorengo agerraldian «irismen luzeko» armak eskatu ditu atzera. Esan du, gainera, duela hilabete inguru hasitako kontraerasoa ez doala «azkar», baina gutxienez aurrerantz ari direla egiten, ez atzerantz. Bakhmuteko frontean (Donetsk), esaterako, kilometro bat egin dute aurrera azken 24 orduetan, Ukrainako buruzagitza militarrak jakinarazi duenez. Bide batez, Txekiak konpromisoa hartu du bai Kievi helikopteroak emateko, baita Ukrainako armadako pilotuak F-16 gerra hegazkinak gidatzen trebatzeko ere.

Eta, bigarren egunez jarraian, Errusiako indarrek Ukrainako hiri handi bat bonbardatu dute. Dniprori eraso diote —herrialdearen erdialdean—, eta bi pertsona hil dira horren ondorioz. Ukrainako buruzagitza militarrak kaleratutako ohar baten arabera, Errusiak jaurtitako sei droneak erorarazi dituzte, baina horietako baten puska batek auto bat jo du, eta horregatik zendu dira bi pertsona. Ukrainak jakinarazi du, bestalde, guztira hamar direla atzo Lviven egindako bonbardaketagatik hildakoak. Hango alkatearen esanetan, inbasioa hasi zenez geroztiko handiena izan da.

Gerrarekin lotuta, barreiatze bonbak ematekoak dira AEBak Ukrainari. Bai Errusia eta bai Ukraina horiek erabiltzen ari dira gerran, eta horien erabilerari buruz NATOk duen posizioaz galdetu diote Stoltenbergi. Erantzun du horiek Ukrainari emateko erabakia aliatu bakoitzarena dala. Alemania, esaterako, kontra agertu da. Aintzat hartu behar da Barreiatze Munizioaren Konbentzioaren sinatzaileetako batzuk NATOko kideak direla. Gaur, Ukrainako buruzagi militar batek esan du ongi etorriak direla munizio horiek.

Zaporizhian, «aurrerapausoak»

Errusiako Belgorod eskualdean ere, Ukrainarekiko mugan, bonbardaketak izan dira azkeneko 24 orduetan, eta hango gobernadoreak esan du horien ondorioz zibil bat hil dela. Azken hilabeteetan gisa horretako ekintzak areagotu dira Ukrainarekiko mugan dauden Errusiako eskualdeetan. Kievek ez ditu bere gain hartzen. Kremlinen kontra borrokatzen direla dioten milizia batzuek erasoak egin izan dituzte azken asteotan Belgoroden.

Bestalde, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako buru Rafael Grossik adierazi du, gaur, «aurrerapausoak» ematen ari direla Zaporizhiako zentral nuklearrera (Ukraina) sartzeko ahaleginean. Ohartarazi du, halere, denbora beharko dutela instalazioaren segurtasunaren balorazioa bukatzeko. Ukrainak salatu du azken astean Errusiak «lehergailuen antzeko objektuak» jarri dituela hango teilatuan. Hori dela eta, instalaziorako «beste sarbide bat» eskatu zuen Nazio Batuen Erakundearen agentziak atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.