Ekuador

Gonzalez eta Noboa bigarren itzulira Ekuadorren

Behin-behineko datuen arabera, botoen herena lortu du correismoak; ia laurdena jaso du Daniel Noboa enpresariak.

Luisa Gonzalez Iraultza Herritarra alderdiko hautagaia, lehen itzuliko garaipena ospatzen. JOSE JACOME / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko abuztuaren 21a
08:01
Entzun

Hauteskunde eguna izan zuten atzo Ekuadorren, eta itxura hartu du bigarren itzuliak. Botoen %85 inguru zenbatuta, Luisa Gonzalez ezkertiarra eta Daniel Noboa liberala lehiatuko dira heldu den urriaren 15ean. Rafael Correak zuzentzen duen Herritarren Iraultza alderdiak botoen %33,26 eskuratu ditu; eta Ekintza Demokratiko Liberalak, %23,68.

Otsaileko eskualde eta udal hauteskundeen sona izan zuten atzokoek. Urteak dira correismoa gain behera zela, baina garaile irten zen tokikoetan. Babes hori mantentzea lortu du Herritarren Iraultzak; presidentetzarako zortzi hautagaien artean Gonzalez zen faboritoa, eta hala berretsi dute ekuadortarrek. «Lehen aldia da Ekuadorren historian emakume batek lehen itzulian hain ehuneko handia ateratzen duela presidente izateko», azpimarratu du ezkertiarrak. Emakumezko hautagai bakarra da.

Kolokan zegoen nor lehiatuko zen bigarren itzulian Gonzalezen aurka. Inkestek ez zioten aukerarik ematen Noboari; azkenean, puska atera die gainontzekoei. Hein batean, hautagaien arteko debatearen ondotik lortu zuen ospea. Hautagai liberalak baztertu egin du correismoaren aurka lehiatzeko koalizio bat osatzea beste alderdiekin, baina gonbita egin die hura babesteari: «Guk proiektu bat dugu, eta norbaitek bat egin nahi badu, gustu handiz». Alvaro Noboa milioidunaren semea da EDL alderdikoa; haren aita bost alditan aurkeztu zen hauteskundeetara.

Hirugarren geratu da Christian Zuritaren Eraiki Mugimendua botoen %16,5ekin —Fernando Villavicencio tiroz hil zuten hautagaia ordezkatu du Zuritak—. Gertu ibili da Jan Topic, bozen %14,69 lortuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.