Goran Hadzic Balkanetako azken iheslaria atxilotu du Serbiak

Kroaziako errepublika serbiarreko burua zenari gizateriaren kontrako hamalau krimen leporatzen dizkio HagakHadzic atxilotzea da EBk Serbiari estatu kide izateko jarri zion baldintzetako bat

2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak aurrerapauso handia eman du, azken hemezortzi urteetako lanari dagokionez, Balkanetako Gerrako krimenen erantzuletzat jo zituztenetatik aske jarraitzen zuen bakarra atxilotzea lortu baitute: Goran Hadzic. Kroaziako errepublika serbiarreko burua izan zen Hadzic 1992. eta 1993. urteetan, Balkanetako Gerran. Kroaziako eremuaren bi herenak okupatu zituzten, eta serbiarrak ez ziren biztanleak kanporatu egin zituen Hadzicek.

Boris Tadic Serbiako presidenteak azaldu duenez, atzo goizean atxilotu zuten Hadzic, Belgradotik 80 kilometro ingurura, baso batean. Nortasun agiri faltsua zeraman, eta atxilotzeko unean armaturik zegoen arren, ez zuen erresistentziarik jarri.

Belgradoko Auzitegira eraman zuten atxilotu ostean, gerra krimenetan espezializaturiko sailera. Han galdeketa egingo diote, eta datozen egunetan Hagara eramango dutela uste da. Hagako Auzitegiak adierazi duenez, «egozten zaizkion krimenen larritasuna handia bada ere, Hadzic ustez errugabea da besterik frogatzen ez den bitartean, edozein akusatu bezalaxe».

Hagak 2004an eman zuen Hadzic atxilotzeko agindua. Gerra krimenak ez ezik, gizateriaren aurkako krimenak ere leporatzen dizkiote. Hamalau krimen ezberdinen erantzule izatea egozten diote guztira. Hagako Auzitegiko Fiskaltzaren arabera, Hadzicek Poliziaren eta Serbiako segurtasun indarren gaineko erabateko kontrola zuen, baita hainbat talde paramilitarrena ere. Balkanetako Gerrak iraun zuen bitartean aurrera eramandako hainbat ekintzaren erantzule egiten dute: serbiarrak ez ziren biztanleekiko jazarpena eta haien deuseztatze ahalegina , atxiloketak, torturak, hilketak...

Gerra amaitzean, Hadzicek ez zuen zigorrik jaso, eta Voivodinan jarri zen bizitzen, askatasunean. 2004ko uztailaren 13an Hagak hura atxilotzeko agindua eman bezain laster, ordea, ihes egin zuen, eta klandestinitatean bizi izan da orain arte. Tadicek argi utzi du Serbiak ez zuela Hadzicen ezkutalekuaren berri «inondik inora».

Hagak guztira 161 lagunen atxiloketa agindu du Balkanetako Gerran egindako krimenen harira. Dagoeneko 126 epaitu dituzte, eta beste 34ren epaiketak martxan dira. Joan den maiatzean Ratko Mladic atxilotu ostean, Hadzic zen falta zen bakarra. «Oso harro nago azken hemezortzi urteetako lorpenekin, eta neure burua zoriontzen dut orain gure lanari jarriko diogulako arreta, ez baita beste iheslaririk geratzen», adierazi du O-Gon Kwon Hagako barne presidenteak.

EBko kide izatetik gertuago

Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak goraipatu egin du Hadzic atxilotzeko prozesuan Serbiak izan duen garrantzia. «Serbiak argi utzi du auzitegiari agindutako lankidetza ez dela hutsala izan, benetakoa baizik», esan du Serge Brammertz Hagako fiskalak; «datozen hilabeteetan Serbiari eta Jugoslavia ohiko beste estatuei laguntzen jarraitzeko eskatzen diegu, artxibo, dokumentu eta lekukoen bidez».

Bestalde, Mladic eta Hadzicen atxiloketa da EB Europako Batasunak Serbiari estatukide izateko jarri zion baldintzetako bat. Hala, Serbiak gertuago ikusten du bat egiteko eguna. «Aurrerapauso handia eman du Serbiak», adierazi dute komunikatu batean EBko ordezkariek. NATOk ere zoriondu du Serbia, bere «nazioarteko eginbeharrak» betetzeagatik.

Bestalde, gerran «desagertutako» 2.000 lagunak lurperatuta dauden lekuari buruzko informazioa emateko eskatu diote haien sentitartekoek Hadzici.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.