AEB-ak

Gorenak 'ameslarien' programarekin jarraitzera behartu du Trump

DACAk deportaziotik salbu uzten ditu AEBetara iritsi zirenean adingabeak ziren 650.000 gazte dokumentatu gabeak, eta hura indargabetzeak herrialdetik kanporatuak izateko arriskuan utziko lituzke.

Programarekin jarraitzearen aldekoak, gaur, Gorenare parean. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 18a
19:05
Entzun

AEBetako Auzitegi Gorenak ezerezean utzi du DACA ameslarien babeserako programa eteteko ahalegina. Donald Trump presidenteak hura bertan behera uzteko agindu zuen 2017an, eta, ordutik, erabakiak hiru urteko ibilbidea egin du auzitegietan. Programak deportaziotik salbu uzten ditu 650.000 ameslari —AEBetara iritsi zirenean adingabeak ziren gazte dokumentatu gabeak—, eta hura indargabetzeak herrialdetik kanporatuak izateko arriskuan utziko lituzke.

Auzitegi Gorenak emaitza estuarekin onartu du DACAri eustea. Bost epailek bozkatu dute alde, eta lauk aurka. John Roberts presidenteak —ildo kontserbadorekoa— argudiatu du AEBetako Gobernuaren erabakia «arbitrarioa eta apetatsua» izan zela, eta ez dituela bete legeak zehaztutako mekanismoak.

Epaiak, beraz, ez du auziaren muina aztertu; programa indargabetzeko prozedura jo du baliogabetzat. Gorenak argi adierazi du Trumpen gobernuak aukera duela berriz ere DACA eteten ahalegintzeko. Dena den, zaila izango du azaroko presidentetzarako hauteskundeak baino lehen ameslariak deportatu ahal izateko urratsa ematea.

Gorenaren erabakiaren kontra agertu diren epaileek adierazi dute epaia «politikoki eztabaidagarria den erabaki bat saihesteko ahalegina» dela.

DACA Barack Obama AEBetako presidente ohiak eratu zuen, 2012an. Trumpek dokumentaziorik gabeko gazteen baimenak berritu behar izan ditu azken hiru urteetan, epaileek behartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.