Hogei egun gose greban igaro ditu Julia Timoxenko Ukrainako lehen ministro ohi eta oposizioko buruak (Dnipropetrovsk, 1960). Apirilaren 20an, Timoxenkok preso dagoen espetxeko hainbat langilek jo egin zutela salatu, eta gose greba hastea erabaki zuen. Oposizioko buruaren osasuna txarrera zihoala ikusita, Ukrainako Gobernuak ospitalera eramatea onartu zuen, Lutz Harms mediku alemaniarrak osa dezan. Timoxenko gose greba bertan behera uztera behartu dute, eta hilabete beharko du erabat osatzeko.
Zazpi urteko kartzela zigorra betetzen ari da Timoxenko, botere gehiegikeriagatik. 2009an Errusiarekin gas horniketaren inguruko akordio bat «eskumenik gabe» sinatzeagatik espetxeratu zuten; horrekin batera, funts publikoak bidegabe erabiltzea leporatu diote. Epaiketa hasi gabe dago oraindik, eta beste hamabi urteko kartzela zigorra ezarri nahi diote. Epaiketaren atzean interes politikoak daudela salatu du Timoxenkok behin eta berriz, eta oposizioak eta hainbat herritarrek Victor Janukovitx Ukrainako presidenteari leporatu diote boterea «bide ilunetatik» lortu nahi izatea. Timoxenkoren egoera konpondu bitartean, agintariek boikota egin diote Europa Mendebaldeko eta Zentroko herrialdeen Jaltako goi bilerari.
Soslaia. Julia Timoxenko
Gose greba etetera behartua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu