Katalunia

Gose greba utzi dute

Turullek, Fornek, Rullek eta Sanchezek protesta utzi dute, helburuak bete dituztela iritzita. Eusko Legebiltzarrak eskatu du preso katalan guztiak "berehala" aske uzteko.

Lledonersko kartzelan preso dauden buruzagi katalan independentistak. Oriol Junqueras, Jordi Turull, Joaquim Forn, Josep Rull, Raul Romeva, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart. OMNIUM CULTURAL
Hodei Iruretagoiena
2018ko abenduaren 20a
23:58
Entzun

Preso katalanek bertan behera utzi dute gose greba. JxC Junts Per Catalunyako presidente Jordi Sanchezek eta Generalitateko bozeramaile ohi eta JxCren parlamentari hoi Jordi Turullek hogei egun egin dituzte gose greban, eta Josep Rull eta Joaquim Forn Generalitateko kontseilari ohiek, hamazazpi. "Helburuak bete" dituztela iritzita utzi dute protesta.

Asteazkenean, Kataluniako Generalitateko bost presidente ohiek eta parlamentuko lau presidente ohiek horixe eskatu zieten gose grebalariei. Jordi Pujolek, Pasqual Maragallek, Jose Montillak, Artur Masek, Carles Puigdemontek, Joan Rigolek, Ernest Benachek, Nuria de Gispertek eta Carme Forcadellek adierazi zutenez, presoek "euren egoera ikusgai jartzea" lortu dute, eta, beraz, ekinaldia uzteko eskatu zieten.

Mezu bera eman du gaur Roger Torrent Kataluniako parlamentuko mahaiko presidenteak. "Gaur bukatzen da greba, baina jarraitzen du independentismoaren aurkako auzia desmuntatzeko borrokak. Beti zuekin", esan die preso dituzten buruzagiei.

NBEarengana, salaketarekin

Carles Pugdemontek, Oriol Junquerasek, Raul Romevak, Josep Rullek, Jordi Sanchezek eta Jordi Turullek, bestalde, Espainia salatu dute NBEn, gaur. Puigdemontek berak, Marta Rovirak (ERC) eta Maria Sirventek (CUP) egin dute salaketa, goizean, Espainiak "eskubideak urratu" dizkiela argudiatuta. Nico Krisch abokatuak azaldu duenez, "eskubide urraketei buruz nazioartearen arreta deitzea" da helburua; batez ere, NBErena. Puigdemont: "EBko estatu batean eskubideak urratzen badituzte, europar gizarte osoarentzako da mehatxu".

NBEren Giza Eskubideen Komitea buruzagi independentisten beste bi salaketa ere ari da aztertzen. Bata, Puigdemontek aurkeztutakoa; eta bestea, Sanchezek jarritakoa. Biek ere presidente izendatuak izateko eragozpenak salatu zituzten. Sanchezen salaketaren harira, Giza Eskubideen Komiteak kautelazko neurriak eskatu zizkion Llarenari.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, bestalde, atzera bota du Jordi Sanchezen askatasun eskaera bat. Gainerako buruzagi independentistak bezala, behin-behinean dute preso Sanchez, eta Estrasburgoko auzitegiaren ebazpen bat oinarri hartuta jo zuen Konstituzionalera —zehazki, HDP alderdi kurduko buruzagi baten kasua oinarri hartuta—. Konstituzionalak atzera bota du eskaera, Sanchezi halakorik ez dagokiola iritzita, baina ez da auziaren mamian sartu.

Eusko Legebiltzarra, "politika judizializatzeaz"

Eusko Legebiltzarrean ere izan da eztabaidagai buruzagi independentisten aurkako prozedura judiziala. Espainiako Estatua "justizia politikoki instrumentalizatzen" ari dela salatu dute, EH Bilduk aurkeztu eta ondoren EAJrekin adostutako testu batean: "Independentista katalanei egotzi nahi zaizkien delituak zentzugabekeria juridikoa dira, bai eta astakeria sozial eta politikoa ere". EAJk eta EH Bilduk aldeko botoa eman dute, eta puntu batzuk bakarrik babestu ditu Elkarrekin Podemosek. PSE-EEk eta PPk, aldiz, testuaren aurka egin dute.

Onartutako testuan gaineratu dutenez, "konponbideak eman baino, enkistatu" egiten ditu "politika judizializatzeak". "Katalunia eta Espainiako Estatuaren arteko harremanetik eratorritako gatazka politikoak elkarrizketan oinarritutako irtenbide negoziatua aurkitu behar du, bide politiko eta demokratikoak erabilita", esan dute, eta Madrili eskatu diote katalanek "libre eta demokratikoki hartzen dituzten erabakiak" errespetatzeko.

Horrez gain, preso dituzten buruzagiak "berehala" aske uzteko eskatu du Eusko Legebiltzarrak. Espainiako Auzitegi Gorenean egitekoa duten epaiketara ordezkaritza bat bidaltzea ere adostu dute, eta horretarako egin beharreko urratsak egiteko eskatu diote Bakartxo Tejeria lehendakariari.

Ortuzar, Lledonersen

Gose greba uzteko erabakia jakinarazi baino lehen, EAJren EBBko buru Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea EBBko kidea izan dira Lledonerseko espetxean (Herrialde Katalanak). Irteeran azaldu dute fisikoki ahulduta ikusi dituztela, baina animoz indartsu. "Prozesu erabat berezia izango da, eta beraiek kontziente dira, berezitasun hori ulertzen dute. Abokatuekin batera, lanean ari dira ahalik eta defentsa sendoena egiteko", adierazi du Ortuzarrek.

Sanchezen eta Torraren arteko gaurko bileraren harira, "protesta demokratiko eta baketsua" bultzatzeko deia egin dute preso independentistek, eta "ez inoren kontra joateko", EAJko buruaren hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.