Gosea areagotu egin da Txaden, lehortearen eta agintarien neurri faltaren ondorioz

Txadeko leku batzuetan ez dute laguntzarik jaso, eta bi milioi pertsonak ez dute ezer jatekorik, laguntza taldeen arabera

Erredakzioa
2010eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Gosea areagotu egin da Afrikan, azken asteetan jasaten ari diren lehorte handiak eraginda. Txaden dute egoera latzena, Intermon Oxfam gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Gobernua ez ikusia egiten ari da gosetearen inguruan, eta herritarrak erabat babesgabe daude. Gainera, salatu dute nazioarteak Txadeko eskualde zenbait ahaztuta dauzkala, Darfur inguruko operazioan jarria duelako arreta osoa. Talde horien arabera, bi milioi pertsonari gogor eragiten die goseteak.

Intermon Oxfam taldearen arabera, Sahel inguru osoan ari da zabaltzen gosetea. Lehorteak zaildu egin du uzta jasotzea, eta herri handietara jotzen ari dira nekazariak. Han, ordea, urri da jatekoa. Arazoa handitzen ari da horren eraginez: nekazaritza guneak hustutzen ari direnez, gero eta elikagai gutxiago eskuratzen dute. Dagoeneko hamar milioi lagun ari dira egoera hori pairatzen, eta bi milioik ez dute jatekorik izango hilabete batzuen buruan.

Lurrak uzten ari dira nekazariak, eta laguntzarik apenas jasotzen duten jatekoa eskuratzeko. Intermon Oxfamek Txadeko Gobernuari aurpegiratu dio ahalegin gutxi egiten ari dela nazioartearen laguntza jasotzeko. Kalkulatu dute Txaden 46.000 tona janari behar direla gosetea konpontzeko; orain, 7.000 inguru soilik dituzte erabilgarri.

Nigeriara ihesi, jateko bila

Txadekoa da egoera larriena, baina inguruko herrialdeetan ere ari dira pairatzen gosea. Nigerren, esaterako, herritarrak ihes egiten ari dira Nigeria ingurura, han bizimodu hobea aurkituko dutelakoan. Gobernuak onartu du larria dela egoera, eta janaria banatzen hasi da herrialdeko iparraldeko herrietan. NBEren arabera, milioi eta erdi ume gosea pasatzen ari dira Nigerren.

Nazioartearen laguntzak gutxitzen ari dira Afrikako herrialdeentzat. Krisi ekonomikoa dela eta, diru kopuruak gutxitu egin dituzte. Gainera, Haitiko lurrikarak eragindako beharrak betetzeko erabili dute diru zati handiena, Afrikako herrialdeen kaltean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.