GRAPO Urriaren Leheneko Erresistentzia Talde Antifaxistako ustezko hiru kide atxilotu dituzte Sevillan eta Cadizen (Espainia), Publio Cordon enpresarioaren bahiketarekin lotura dutelakoan.
Jose Antonio Ramon Teijelo, Vicente Sarasa eta Manuela Ontanilla dira atzeman dituztenak. Espainiako Poliziak egin ditu atxiloketak. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak jakinarazi duenez, bahitu eta hamabost egunera hil zen Cordon. Atxikita zuten pisuko leihotik ihes egiten saiatzerakoan erori eta zaurien ondorioz hil omen zen. Gorpurik ez da agertu, momentuz.
Ministroak azaldu du "orain dela denbora bat" Guardia Zibilak Cordon bahituta eduki zuten etxea topatu zuela, Lyonen (Frantzia). 1995ean bahitu zuen Cordon GRAPOk, Zaragozan (Espainia), eta egundaino ez da ezer jakin, desagertu eta hilabete eta erdira haren sendiak Parisen 400 milioi pezetako erreskatea ordaindu zuen arren.
Ikerketak irekita jarraitzen du.