Vicente Sarasa , Jose Antonio Ramon eta Manuela Ontanilla atxilotu ditu Espainiako Guardia Zibilak, GRAPO Urriaren Leheneko Erresistentzia Talde Antifaxistetako ustezko kideak. Lehena Cadizen eta beste biak Sevillan atzeman ditu, Espainiako hegoaldean. Hiru atxilotuei Publio Cordon Zaragozako enpresaria bahitzea eta haren hilketarekin zerikusia izatea leporatzen diete. Horretaz gain, Parisko Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak Cordon bahituta eduki zuten etxea aurkitu du, Lyonen. Espainiako Barne Ministerioko iturrien arabera, Ramonek dokumentazio faltsua erabiliz alokatu zuen etxea, eta etxejabeak eman die datu horien berri. Atxiloketa horiek egindaeta etxea aurkitu ta, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne Ministroak argitutzat eman du Cordonen bahiketaren afera.
Cordon Previasa aseguru etxearen eta Quiron erietxearen sortzailea izan zen, eta 1995eko ekainaren 27an bahitu zuen GRAPOk haren etxearen kanpoaldean. Hilabete eta erdi geroago, Cordonen familiak 400 milioi pezetako (2,4 milioi euro inguru) erreskatea ordaindu zuen Parisen. Baina Cordon ez zen agertu. 1998an, Jose Ortin, Enrique Cuadra eta Concepcion Gonzalez GRAPOko ustezko kideak atxilotu zituzten, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortu egin zituen, bahiketa leporatuta. Hirurek, ordea, erreskatea jaso bezain laster Cordon aske utzi zutela aitortu zuten.
Barne ministroaren arabera, Lyongo etxean «katez itxitako armairu batean» eduki zuten Cordon. Bahitu eta bi astera hil zela ondorioztatu dute, Fernandez Diazek esan du armairu horretan hamabost marra zeudela, Cordonek bahituta zeraman egun bakoitzeko bat egiten zuelako. Horregatik, bahitu eta bi astera hil zutela ondorioztatu dute. Ondorioz, Barne ministroak salatu du GRAPOko ustezko kideak «Cordon hil eta gero» saiatu zirela erreskatea kobratzen. Gainera, atxilotuetako batek dirua jasotzen parte hartu zuela ere zehaztu du.
2009an, GRAPOko ustezko kide Fernando Silva Sandek esan zuen Cordon ihes egiten saiatu eta leiho batetik erorita hil zela. Orduan, Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaskak agindu zuen Cordonen atarramentuaren inguruko ikerketari berriz ekiteko. Guardia Zibila Frantzia hego-ekialdeko Mont Ventoux mendian ibili zen gorpuaren bila.
Gorpua bilatzeko, baliagarri
Ilunabarrean, Ramon eta Ontanilla Madrilera eraman zituen Guardia Zibilak. Fernandez Diazek, berriz, Pilar Muro enpresariaren alargunari eman zion atxiloketen berri. Bestalde, Barne ministroak esan du GRAPOko ustezko hiru kideen atxiloketak Cordonen gorpua non dagoen jakiteko balio izatea espero duela. Bestalde, Frantziako Fiskaltzak esan du prest dagoela gorpua topatzeko miaketa gehiago egiteko Madrilek hala eskatuz gero.
Bestetik, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, hiru atxilotuak 1970eko hamarkadatik erakunde armatuko kide «historikoak» dira. Iraganean ere atxilotu zituzten hirurak. Ontanillari GRAPOko fitxategien eta artxiboen arduraduna izatea leporatu zioten 1977an atxilotu zutenean. Sarasari, berriz, lehergailuak egitea eta dokumentuak faltsutzea egotzi zioten 2000. urtean. Urte berean, Ramon GRAPOko informazio arloko eta arlo teknikoko arduradun izateaz akusatu zuten.
GRAPOko ustezko hiru kide atxilotuta, argitutzat jo dute Cordonen bahiketa
Duela hamazazpi urte bahitu zuten enpresaria, eta haren gorpua oraindik ere ez dute aurkitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu