Hegazkinak lurreratuta, barkuak amarratuta, ikastetxe publikoak itxita eta zerbitzu publikoak, oro har, geldirik. Paisaia horrekin esnatu da Grezia, milaka herritar 24 orduko greba bat egiten ari baitira, joan den otsailaren 28ko tren istripuaren «egiazko errudunak» aurkitu ditzatela eskatzeko.
Manifestariek gobernuari leporatzen diote ez ikusiarena egiten ari dela ezbehar horren aurrean, eta ez dituela kontuan hartu sindikatuek iraganean egindako kritikak, hau da, garraio publikoaren azpiegiturak «oso gaizki» daudela. Hain justu, uste dute saihestu zitekeela duela bi aste Tempe herritik gertu izandako istripua —57 lagun hil ziren bi trenek elkar jota—, baldin eta trenbide sarea zaindu izan balute.
Sektore publiko eta pribatuetako sindikatu nagusiek deitu dute grebara, eta manifestazioak ere egin dituzte herrialde osoan. Atenas hiriburuan, gainera, parlamentuaren egoitzaren aurrera joan dira protesta egitera.
General #strike in #Greece. Thousands protest the #GreeceTrainCrash. pic.twitter.com/TC4hGTA2K5
— Savvas Karmaniolas (@savvaskarma) March 16, 2023
ADEDY sindikatuak, komunikatu baten bidez, jakinarazi du funtzionarioek eskatzen dutela «Tempeko krimena ez estaltzeko», eta «pribatizazio neurriak gelditzeko». Sektore pribatuko GSEEk, berriz, esan du «haserre» daudela gertaturikoagatik, eta ez dutela «onartuko ez gardentasunik eza, ez eztaltzea, ezta erantzukizuna ez hartzea ere».
Hilabete hasieran, trenbide sareko arduradunek eta Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak argudiatu zuten istripua «giza akats bat» izan zela, eta Poliziak Larisako tren geltokiko burua atxilotu zuen; fiskaltzak zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren delitua egotzi dio 59 urteko gizonezkoari. Hark ukatu egin du egotzitakoa, eta esan du errailez aldatzeko agindua eman ziola trenari, baina sistemak ez ziola jaramonik egin.
Greziako Garraio ministro Kostas Karamanlisek dimisioa eman zuen hilaren 1ean; bere gain hartu zituen azken urteetako akatsak, eta aitortu egungo sistemak ez dituela betetzen «XXI. mendeko beharrak». Gerora, lehen ministroak «erantzukizun politikoa» aitortu zuen, eta barkamena eskatu zuen; gainera, iragan astean, gobernuak jakinarazi zuen hildakoen familiei hilabetero 1.600 euroko laguntza bat emango diela, eta zorrak ezabatuko dizkietela. Bide beretik, trenbideen kudeaketaz arduratzen den Hellenic Trainek enpresa pribatuak kalte ordainak emango dizkie biktimen sendiei:
Printzipioz, Atenasek esandakoaren arabera, asmoa da trenbide zerbitzuak datorren asteazkenean itzultzen hastea, eta mailaka berreskuratzea, apirilaren 11rako. Langile gehiago jarriko dituzte abiadura moteltzeak eta segurtasuna bermatzeko.
Mitsotakisen agintaldia uztailean amaitzen da, eta espero da maiatzean deituko duela parlamenturako hauteskundeetara. Argitara ateratako azken inkestaren arabera, lehen ministroaren ND Demokrazia Berriak jasoko luke babesik handiena, botoen %33,2 bilduta, eta atzetik luke, gertu, Syriza (%29,7).