Grezian, Europako Batasunak ekainean egin zuen goi bileran, globalizazioaren aurka protestan ari zirela atxilotu zituzten zazpi gazteak behin-behinekoz aske utziko dituzten edopreso jarraitu beharko duten bihar erabakiko dute.
Europako Batasunak Salonikan egin zuen goi bileran atxilotu zituzten Suleiman Daikduk, Simon Chapman, Carlos Martinez, Fernando Perez, Spyros Tsistas, Michalis Trikapis eta Dimitris Friouras. Ez ziren horiek izan, baina, ekainaren 21ean atxilotu zituzten bakarrak. Egun hartan, globalizazioaren aurka protestan ari ziren 130 pertsona eraman zituen preso Greziako Poliziak. Aipatutako zazpiak, baina, oraindik epaiketaren zain daude Greziako presondegietan. Atxilotu zituztenetik gaur arte Greziako Poliziak emandako tratuaren aurka protestatzeko, mugarik gabeko gose eta egarri greban daude atxilotuetako lau lagun. Horren eraginez osasun arazoak direla-eta aske utziko dituztelakoan daude. Bestalde, epaiketarako eguna ezartzeko ere eskatu dute atxilotuek. Daikduk, Chapman, Martinez, Perez eta Tsistas Greziako Nikaia ospitalean daude une honetan, eta haien osasun egoera «oso larria» dela adierazi dute bertako medikuek. Suleiman Daikduk siriarra izan zen gose greban hasi zen lehena, Perez eta Martinez espainiarrek, berriz, orain dela 49 egun hasi zuten. Martinezen egoeraren inguruan medikuek idatzi duten txostenean diotenez, «ezin du zutik egon eta ikusteko arazoak ditu. Horrela jarraituz gero, lau edo bost egun barru ondorio gaindiezinak izango ditu». Spyros Tsistas greziarraren egoera ere «erabat larria» dela aipatu dute Nikaia ospitaleko medikuek. Oro har, guztien egoera larrituz doa egunez egun.Greziako Poliziak egindako akusazioaren arabera, lehergailuak izatea eta talde armatuko kide izatea leporatzen diete atxilotuei. Hori dela eta, 5etik 20 urtera arteko kartzela zigorra bete beharko dute epaileak errudun direla erabakitzen badu. Globalizazioaren aurkako protesta egileek kargu guztiak ukatu dituzte eta tratu txarrak eta mehatxuak jaso izana salatu dute. Bestalde, Poliziak salaketa faltsuak egin dituela ere adierazi dute. Simon Chapman britainiarrari bere motxilaren ordez lehergailuz beterik zegoen beste bat jarri zioten. Interneteko atari batean ageri den grabaketa batean ikus daiteke poliziak Chapmani motxila nola aldatu zion. Atxilotuetako bi, Michalis Trikapis eta Dimitris Friauras greziarrak, hain zuzen ere, adin txikikoak dira. Horregatik, Avlonako adingabeentzako zentroan daude.Amnesty International (AI) giza eskubideen aldeko erakundeak atxilotuekiko «kezka» adierazi zuen Greziako hainbat ministrori igorritako gutunetan. AIk adierazi duenez, zazpi atxilotuek «polizien jipoiak eta irainak» salatu dituzte giza eskubideen aldeko erakundearen aurrean.Madrilgo Gizarte Foroak ere atxilotuak «berehala aske uzteko» eskatu zuen. Bi espainiarren egoeraren inguruan Espainiako Gobernuak «erantzun» egin beharko duela diote.Carlos Martinezen aitak eskainitako prentsaurrekoan adierazi zuen semeak «tratu txarrak» jaso dituela. «Ez diote lo egiten uzten», gaineratu zuen. Gainera, azaroaren 7an, ama bisitan joan zitzaionean, «ez zuen semea ezagutu».Hasiera batean, Johnatan izeneko estatubatuar bat ere bazen atxilotuen artean, baina, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren esku-hartzea dela eta, behin-behineko askatasuna lortu zuen. Atxiloturiko espainiarren senitartekoek eta hainbat gizarte erakundek, baita politikariek ere, Europako Batasunak esaterako, Espainiako Gobernuaren «erantzukizuna» aldarrikatu dute. Jristos Protopapas, Greziako ordezkariak, berriz, Gobernuak ezin duela Justiziaren bidea oztopatu adierazi du.
GREZIA . Bihar ebatziko dute Salonikako espetxeratuak askatu edo ez
Globalizazioaren aurkako protestetan atxilotu zituzten zazpi gazteak gose greban daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu