Bart arratsean bukatzekoa zen Camp Daviden (AEB) munduko zortzi herrialde boteretsuenetakoek osatutako G8koen goi bilera. Vladimir Putin Errusiako presidentearen hutsune nabaria izan duen bilkuran munduko egoera ekonomikoa izan dute mintzagai nagusia, bereziki EB Europako Batasuneko herrialdeen krisia. Greziak eurogunea uzteko aukerak toki berezia zuen G8koen agendan, baina herrialde horrek EBko dibisarekin jarraitzearen alde agertu da taldea. «Eurogune bateratu eta azkar batek egonkortze eta suspertze globalerako duen garrantziarekin ados gaude, eta Greziak eurogunean jarraitzeko dugun interesa berresten dugu», idatzi dute agiri batean. Hala ere, zehaztu dute Atenasek troikarekin hartutako «konpromisoak errespetatu» behar dituela. Gaur eta bihar NATOk Chicagon egitekoa duen goi-bileraren atarikoa izan da AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak, Japoniak, Italiak eta Kanadak osatutako taldearen bilkura.
Krisia gainditzeko, «produktibitatea, hazkundea eta eskaria hazteko erreformak» egiteko beharra aldarrikatu dute G8koek, «iraunkorra, sinesgarria eta inflaziozkoa izanen ez den esparru makroekonomiko baten barruan». Hazkundea eta enplegua sustatzea «betebehar bat» dela diote argitaratutako agirian. Adierazpen horren ondorioz, begirada anitz Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarengan finkatu dira, neurritasun politiken defendatzaile nagusia baita. Merkelek defendatu du ez duela inoiz adierazi hazkundea sustatzearen aurka dagoela, baina horretarako «abaguneko programarik» ez dela bultzatuko zehaztu du.
Mezu bateratuaren beharra
Merkelek aitortu du Errusiarentzat, Kanadarentzat, Japoniarentzat eta AEBentzat garrantzitsua zela mezu bateratua helaraztea munduari, G8koak suspertze ekonomikoarekin konprometituta daudela agertzeko. Adierazpenean zehaztu dute, ordea, hartu beharreko neurriak herrialde guztientzat ez direla berdinak.
Bertzelako gaietan, Iranek izan du protagonismoa, heldu den asteazkenean Teheranek bilera izanen baitu 5+1 Taldearekin—AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak osatua—. G8koek Irani eskatu diote bere programa nuklearraren «helburu baketsuak bermatzeko», eta 5+1 Taldearen esku informazio gehiago uzteko. Vienako zita baino lehen, ordea, nazioarteko arreta nagusia NATOk Chicagon eginen duen goi bilerak bereganatuko du.
NATOren aldaketa agendan
Aliantzak Afganistanen izanen duen etorkizuna zehaztu nahi dute Chicagon, tropak noiz eta nola aterako dituzten, eta, erretiratu ondoren, luzera begira nola kokatuko diren. Gerrarekin lotuta, baina, erakundearen beraren aldaketa ere aztertuko dute: NATOren berregituraketa, batetik, nazioartearen egoera politiko berrira egokitzeko oinarriak ezartzeko —batez ere egoera ekonomiko berrira moldatzeko—, eta,bertzetik, Obamak erantzukizun gehiago eskatuko die kideei, krisiak hainbat herriren aurrekontu militarrean eragina izan duelako.
Afganistanen ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrak aurreikusitako helburuak bakar batera laburbilduz joan dira: herrialdearen segurtasunaren ardura lehenbailehen bertako polizien eta militarren esku uztera. Lisboako goi bileran onartutako egutegian aurreikusita dago 2014rako tropen zeregina amaituko dela, eta, ondoren, heziketa, dirua eta laguntza teknikoa eskaini behar zaiela, Kabulek har dezan segurtasunaren kontrol osoa. Aurreikusitakoa beteko dela dirudi, baina Chicagon zehaztu beharko dute Afganistango indarrei «behar denean» laguntzeko hartu duten konpromisoa. 2013tik 2014ra, nazioarteko tropek lehen lerroan egoteari utziko diote, eta buruzagiek erabaki beharko dute noiz borrokatuko diren afganiarrekin edota noiz etxeratuko diren.
NATOko buruzagiek defendatzen dute trantsizioa behar bezala doala ekintzaileen erasoak gutxitu direlako (2010etik 2011ra %8), eta Afganistango Segurtasun Indar Nazionalak, berriz, ekintza gehiago egin dituela haien kontra. Baina ISAFek menperatzen ez dituen baldintza askok osatzen dute Afganistanen egunerokoa, ez denak nazioarteko indarren aldekoak. Erasoakselektiboagoak eta ikusgarriagoak dira orain, Afganistango indarren erantzuteko eraginkortasunak NATOren menpekoa da oraindik ere, eta nazioarteko ekintza maiz gizagabeek herritarren mespretxua eragin dute. Gaizki aurreikusitako trantsizio batek 2014an ateratzeko plana pikutara bidal dezake, eta urte horretatik aitzinera lortzen duten babesa erakundeak horretarako bere kideen artean biltzen duen diruaren baitakoa izanen da. Hori dela eta, Barack Obamak konpromiso eta diru gehiago eskatuko die kideei, erantzukizun guztia AEBen esku gera ez dadin. Libiako gerranAEBen gidaritzak agerian utzitako europarren ahultasuna saihestu nahi du aurrerantzean Obamak. AEBek ere aurrekontu militarrean murrizketak egin ditu, eta behar diren baliabideak baino gehiago ez ditu bertze herrialdeen esku jarri nahi.
NATOk bertze itxura bat asmatu beharra dauka, baliabide militar gutxiagorekin indartsu izateko aurrerantzean ere. AEBek Europako herriak laguntza gutxitzen nabaritzen ditu —Europako herritarrek ez dute, oro har, begi onez ikusten jarduera militarretan xahutzen den dirua, are gutxiago garaiotan—, eta hori saihestu nahi du; Europak, berriz, AEBak Ozeano Bareko aliatuetan gero eta interes handiagoa jartzen ikusten ditu.
Protestak Chicagon
Horri aurre egiteko dago Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiaren formula: Smart defence edo defentsa inteligentea, zeinak herri bakoitza bere espezialitateetara bideratzen duen, denek dena egin beharrean. Baina Rasmussenen planak interes bertsuak partekatzen dituzten herrien arteko elkarlana eskatzen du, konfiantza, eta ez da beti horrela izaten. NATOk hogei proiektu inguru aurkeztuko ditu Chicagon, zaintza, inteligentzia edo kontrolaren inguruan, baina ez da espero horretarako behar dituzten baliabide zehatzak finkatzerik. 60 herrialdek eta erakundek hartuko dute parte bileran, NATOko 28 kideak eta kolaboratzaileak, tartean Afganistango gerran zerikusia dutenak: Pakistan ere han izango da.
Bileraren harira, hainbat kolektibok protesta egin zuten herenegun Chicagoko erdigunean, «politika kapitalisten aurka». Occupy Chicago taldearen sostengua ere izan zuen martxak. Poliziaren arabera, 2.500 lagun bildu ziren. Goi bilera dela eta, zaintza neurri bereziak ezarri ditu AEBetako Gobernuak.
Goi bileran NATOk bertze gai bat izanen du mahai gainean: Mazedoniak kide izateko egindako eskaera. Grezia aurka agertzea espero da, Atenasek ez baitu onartzen iparraldeko bizilagunak Mazedoniako Errepublika izena hartzea, Atenasek baitio horrekin Skopjek Greziaren parte den Mazedoniako zatia eskuratzeko asmoa agertzen duela.
Greziak eurogunean segitzearen alde agertu dira G8ko estatuak
Zortzi herrialde boteretsuenetakoek krisi ekonomikoa izan dute mintzagai nagusia Camp Davideko bilkuranNATOk goi bilera eginen du gaur eta bihar Chicagon, Afganistango egoera aztertzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu