Europa krisian. Greziaren gainbehera

Greziako akordio faltak burtsak jaitsi eta arrisku sariak igo ditu

Espainiako arrisku sariak 489 puntuan amaitu du eguna, inoizko mailarik gorenean

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Greziak gobernu berria eratzeko erakutsitako ezintasunak eta berriro ere hauteskundeak antolatu izanak zenbaki gorritara eraman ditu Europako burtsak. Ez dira jaitsiera eskandalagarriak izan, baina azkenaldian beherazko joera denez nagusi, urteko gutxieneko mailan dabiltza hainbat. Madrilgo Ibex 35-ek, esaterako, 2003ko iraileko kopurutan itxi zuen atzo.

Datu baikor batekin hasi zen eguna. Eurostatek jakinarazi zuen %0,5 hazi zela Alemaniako ekonomia, eta euroguneak atzeraldian ez sartzea lortu zuela. Inbertsiogileak animatu zituen albisteak, baina pizgarria ez zen behar adinakoa izan. Greziak berriro ere hauteskundeak egingo zituela iragarri ostean, berriro agertu zen herrialdeak eurogunea uzteko beldurra. Hala, saltzeari ekin zioten inbertsiogileek. Azkenean, %1,6 galdu zuen Madrilgo Ibex-35ek; %1,45 Bilboko burtsak;%0,79 Frankfurteko Daxek; %0,61 Parisko CAC-40k eta %0,51 Londresko FTSE-100ek.

Kezka berberek arrisku sarietan ere badute eragina. Burtsak etengabe jaisten ari diren bitartean, gora egiten dute haiek, egunen egun errekor berriak eginez. Hori da behinik behin Espainiaren eta Italiaren kasua.

Lehenean, Greziaren egoerari beste faktore bat gehitu behar zaio: gobernuak bultzatutako finantza erreformaren eraginez banku eta kutxek gorde beharreko diru kopurua. Hala, 489 puntuan amaitu zuen eguna atzo arrisku sariak, bezperan baino 11 puntu gorago, eta eurogunean sartu zenetik mailarik altuenean. Hamar urterako bonuen interes tasa ere%6,35era iritsi zen.

Luis de Guindos Ekonomia ministroaren esanetan, Espainiaren eta Italiaren arrisku sariak «ez dira bideragarriak, ez dira onargarriak». Hain zuzen, Italiarenak ere gora egin zuen atzo, eta 455 puntura arte iritsi zen. Hamar urterako bonuek, berriz, %6ko interes tasa erdietsi zuten. Espainiako Gobernuak etxeko lanak egin dituela adierazi du Guindosek, eta euroguneko gainerako herrialdeei eskatu die neurriak hartu ditzatela Greziaren egoera egonkortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.