Karolos Papulias Greziako presidenteak gobernua teknokratek osatzea proposatu die alderdiei. ND Demokrazia Berria kontserbadoreak eta Pasok Alderdi Sozialista Panhelenikoak ez dute hori baztertu, baina bertze alderdiek ere oniritzia ematea nahi dute. Dimar Ezker Demokratikoak, ordea, ez du ongi hartu proposamena, eta hori onartzeko baldintzatzat paratu du Siriza ezkerreko koalizioak ere oniritzia ematea. NDko, Pasokeko eta Dimarreko buruak presidentearekin elkartu ziren atzo batasuneko gobernu bat negoziatzeko, baina ez zuten emaitzarik lortu. Sirizak uko egin zion agertzeari. Gaur jarraituko dute bilerak egiten.
«Errepublikako presidenteak azken ahaleginean proposatu du pertsona ospetsuek gobernua osatzea parlamentuaren sostengu zabalarekin», azaldu du Evangelos Venizelos Pasokeko buruak. «Printzipioz» ez daudela teknokraten gobernu baten alde erran du Venizelosek, baina erabaki hori hartzeko prest daude, bilerara agertu ziren hiru alderdiek ez ezik, Sirizak, Greziar Independenteak eskuinekoak eta KKE alderdi komunistak ere sostengatzen badute. NDko buru Antonis Samarasek ere ez luke gaizki hartuko teknokratek gobernua osatzea, nahiz eta «politikariak» hobetsi. Dena den, erran du horrelako gobernu baten alde zenbat alderdi leudekeen zehaztea dela lehentasuna. Haren ustez, beharrezkoa da Greziar Independenteak negoziazioetara erakartzea.
Zazpi baldintza akordioari
Greziar Independenteek, baina, zazpi baldintza paratu dituzte gobernu batean sartzeko, horien artean troikarekin hitzartutako erreskate plana bertan behera uztea. Soilik ND eta Pasok daude plana ezartzearen alde, eta Dimarrek berriz negoziatu nahi du. NDk irabazi zituen bozak, baina gutxienez bi alderdiren sostengua behar du gehiengoa izanen duen gobernu bat eratzeko. Bigarren alderdiak, Sirizak, ez ditu onartzen erreskate planak ezarritako baldintzak. Egunsenti Urrekara alderdi neonazia negoziazioetatik kanpo utzi dute.
Grezian gobernu teknokrata osatzea proposatu du presidenteak
NDk eta Pasokek ez dute aukera baztertu, baina gutxienez bertze alderdi baten sostengua behar dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu