Greziak urrats bat egin du eskubide berdintasunera bidean

Sexu berekoen arteko ezkontzak legeztatu dituzte. Hori egiten duen lehen herrialde kristau ortodoxoa da. Legeak seme-alaben gaineko babes juridiko zabalagoa ematen die ezkontideei.

GREZIA. SEXU BEREKOEN ARTEKO EZKONTZAK.
Emakumezko batzuk elkar besartzen, bart, Greziako Parlamentuan. GEORGE VITSARAS / EFE
Maddi Iztueta Olano - Mikel Garcia Martikorena - Igor Susaeta
2024ko otsailaren 16a
09:05
Entzun

Grezian bizi diren sexu bereko bikoteek sakonago eta lasaiago hartu ahal izango dute arnasa aurrerantzean, bart haien ezkontzeko aukera legeztatu baitzuten Greziako Parlamentuan. Lehen ministro Kyriakos Mitsotakis kontserbadoreak aurkeztutako lege proiektuak hautsak harrotu ditu ia bazter guztietan: batez ere, haren alderdiko kideen eta eskuin muturraren zein Eliza ortodoxoaren jarraitzaileen artean. Edonola ere, sexu berekoen arteko ezkontzak baimentzen dituen Europako 21. herrialdea bihurtu da Grezia, eta herrialde kristau ortodoxoen artean, lehena.

Lege proposamenak harrabotsa eragin du Greziako alderdietan, batzuentzat «gehiegi» izan baita, eta besteentzat, aldiz, «gutxiegi». Hala ere, aurrera egin du proposamenak, parlamentuko 176 diputatuk legearen alde bozkatu baitzuten. Nahikoa zen 151k alde bozkatzea —denera, hirurehun parlamentari daude— proposamenak aurrera egiteko. 76k aurka bozkatu zuten, eta bi abstenitu egin ziren. ND Demokrazia Berriak du gehiengoa Greziako Parlamentuan, eta, legea hark proposatu duen arren, beste alderdi batzuen laguntza behar izan du aurrera eramateko; Syrizak, Pasokek, Ezker Berriak eta Askatasunerantz-ek ere alde bozkatu zuten. Mitsotakisen alderdiko parlamentari kontserbadoreenek, aldiz, kontra bozkatu zuten. 46 diputatuk, bestalde, parlamentutik alde egin zuten, bozketan parte ez hartzeko.

Mitsotakisek osoko bilkuran nabarmendu zuenez, neurriaren bidez «justizia» egin dute sexu bereko pertsonekin, eta «ikusgarritasuna» eman diete lehen «ikusezinak» zirenei. «Batasuna eragin nahi du lege proiektu honek, ez zatiketa». X sare sozialean idatzi du onartutakoa «mugarri bat» dela giza eskubideentzat, eta egungo Greziaren «isla» dela. «Herrialde progresista eta demokratiko bat da, apasionatuki konprometituta dagoena balio europarrekin».

Joan den ekainean egin zuen gobernuburu karguaren zina Mitsotakisek —ND haren alderdiak lortu zuen gehiengo osoa iragan maiatzeko parlamenturako hauteskundeetan—, eta, agerraldi hartan, konpromiso bat hartu zuen: bigarren agintaldian «aldaketa handiak» egitea herrialdean; aldaketa horietako bat litzateke, hain justu, herenegun bozkatzekoak ziren lege proiektua. Ezkontzeko aukera izateaz gain, haur bat adoptatzeko eskubidea izango dute sexu bereko bikoteek, eta, seme-alabak dituztenei dagokienez, horiek zaintzeko babes juridiko zabalagoa.

Legea onartu arte, bikote homosexualak gehienez ere izatezko bikote gisa aitortzen zituen Greziako legediak —2015ean onartu zuten hori, Syriza agintean zegoenean—. Baina aitortza horrek ez zien bi bikotekideei ematen seme-alaben gaineko babes juridikoa, baizik eta haurraren guraso biologikoari soilik. Legeak hori aldatuko du, eta haurraren legezko tutore izango dira bi bikotekideak, haurra adoptatua edo biologikoa izan.

Horiek hala, legediak barne hartuko ditu herrialdeko LGTBI komunitatearen aspaldiko hainbat eskari. Hori bai, badira erreforma sortatik at geratu diren beste hainbat eskakizun ere; esaterako, hauxe: sexu bereko bikoteek eskubidea izan dezatela haurdunaldi subrogatuaren bidez guraso izateko. Eskaera horren atzean dauden ahotsetako bat da Stefanos Kasselakis, oposizioko alderdi nagusi Syrizako burua.

LGTBI komunitatearen eskubideen alde beste urrats bat egiteaz gain, herrialdeko paisaia politikoa aldrebestu du lege proiektuak: batetik, bloke berean sarrarazi ditu ND eta Syriza; eta, bestetik, barne zatiketa eragin du Mitsotakisen alderdian. Sektore kontserbadoreenetako kide da Andonis Samaras lehen ministro (2012-2015) izandakoa, eta atzoko saioan esan zuen sexu berekoen arteko ezkontzak ez duela zerikusirik giza eskubideekin. «Giza eskubideak gauza serioegia dira modu horretan tribializatzeko. Edozein interpretazio gehiegizkok gutxietsi egiten ditu».

Eliza eta eskuina, sutan

Eskuineko kontserbadoreen artean hautsak harrotu baditu ere, lege proiektuak are gehiago haserrearazi ditu Greziako eskuin muturra eta Eliza ortodoxoa. Horren adierazle dira, hain zuzen, bi sektore horietako taldeek iragan igandean antolatutako mobilizazioak. Herrialdeko hedabideek emandako datuen arabera, 1.500 eta 4.000 lagun artean irten ziren Atenasko kaleetara.

Mobilizazioan eta egunotan egindako prentsaurrekoetan, hainbat gotzainek «gaixotasuntzat» jo dute homosexualitatea, eta zenbaitek ere esan du ez duela sexu berekoen ezkontzarik egingo. Iruzkin horien harira, «ikuspuntu desberdinak» errespetatzen dituztela esan du Mitsotakisek, baina azpimarratuz «estatuak» agintzen duela, «ez Elizak».

Eliza kristau ortodoxoak pisu handia du Grezian, bai herrialdeko gizartean, bai paisaia politikoan. Joan den hilean Eteron ikerketa zentroak egindako inkesta baten arabera, biztanleen %56,2 daude sexu berekoak ezkontzearen alde. Kopurua are txikiagoa da Greziako SKAI telebista kate pribatuak asteon egindako inkestan; haren arabera, biztanleen %46 daude alde, eta %47 kontra. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.