Greziarentzako «erreforma handiak» iragarri ditu Mitsotakisek

Agintari eskuindarrak lehen ministro karguaren zina egin du, eserlekuen gehiengo osoa bildu eta biharamunean. Eskuin muturreko hiru alderdik ordezkaritza izango dute parlamentuan

Greziarentzako «erreforma handiak» iragarri ditu Mitsotakisek.
ander perez zala
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Grezian «erreforma handiak» egingo ditu Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak, eta hori «azkar» gertatuko da; besteak beste, herenegungo parlamenturako hauteskundeetan gehiengo osoa lortu zuelako bere alderdiak, ND Demokrazia Berriak. Mitsotakisek atzo egin zuen gobernuburu karguaren zina, eta horren ondoren adierazi zuen «lanpostu gehiago» sortu eta «desberdintasunak txikituko» dituztela datozen urteetan: «Konpromiso bat dut: bigarren agintaldian herrialdeak behar dituen aldaketa handiak egitea».

NDk joan den maiatzeko parlamenturako bozak irabazi zituen, baina, gehiengo osotik gertu gelditu zenez, Mitsotakisek uko egin zion koalizio gobernu bat osatzeari. Horren ordez, aulkien erdiak baino gehiago lortzeko apustua egin zuen, hauteskundeak errepikatuta, eta erabakia ongi atera zaio; besteak beste, bozetarako legeak 50 eserleku gehiago aurreikusten zituelako herenegungo hauteskundeetan boto gehien biltzen zuen alderdiarentzat. Eta gehiengo hori «gehiengo sendo bat» bilakatu da —300 aulkitik 158—, lehen ministro eskuindarraren arabera; bigarren agintaldian ere, printzipioz, lasai gobernatu ahalko du.

Hilaren 14an Greziako Peloponesoko kostaldetik gertu hildako etorkinen auziak, hortaz, ez dio kalte egin Mitsotakisi. Kanpainan, bera gobernuburu izan zen lehen legegintzaldiko (2019-2023) emaitza ekonomikoak aldarrikatu ditu, eta badirudi boto emaileak ikuspuntu bera izan dutela afera horren inguruan. Esaterako, Greziako langabezia tasa %11 ingurukoa da; hau da, 2009ko ehunekoren parekoa —hori halako bi zen 2013an—. Eta Grezia eurogunean gehien hazi diren ekonomietako bat izan da azkeneko bi urteotan: %8,4 duela bi urte, eta %5,9 iaz.

Syriza, 23 puntura

Parlamenturako hauteskundeetako emaitzak kolpe gogorra izan dira Syrizarentzat, eta batez ere haren buruzagi eta lehen ministro ohi (2015-2019) Alexis Tsiprasentzat. Syriza bigarren aldiz jarraian izan da boto gehien bildu duen bigarren alderdia, baina, herenegun, porrota handiagoa izan zen iragan maiatzekoa baino, babes handiagoa galdu baitzuen, eta NDk 23 punturen aldea atera baitzion —alderdi ezkertiarrak 48 diputatu izango ditu—.

Testuinguru horretan, Tsiprasek herenegun esan zuen alderdiko buruzagi kargua militanteen esku utzi zuela: «Syriza oposizio ofiziala den arren, hauteskunde porrot serioa jasan dugu».

Oro har, ezkerreko alderdiek galerak izan zituzten; Syrizaren beherakadaz gain, Pasok-KINAL aliantzak bederatzi aulki galdu zituen —32 izango ditu—, eta KKE Greziako Alderdi Komunistak, sei, hogeirekin geratzeraino. Emaitza on bakarra PE Askatasunerako Bidearena izan zen, lehen aldiz lortu baitu ordezkaritza parlamentuan, zortzi eserleku jasota.

Eta espektro ideologikoaren beste muturrean, NDren eskuinean, hiru alderdi ultraeskuindarrek lortu zuten botoen %3ko langa pasatu eta ordezkaritza bermatzea: Irtenbide Greziarrak —hamabi aulki—, eta, lehen aldiz, Espartarrak —hamabi— eta Garaipena indar politikoek —hamar—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.