Kazetariaren tresnarik garrantzitsuenetakoa agenda da. Urtetan bildutako telefono zenbaki, bisita txartel eta helbide elektronikoak urrea dira. Eta lantzean-lantzean harremanetan jarraitzen dugu askorekin, gaur egun inoiz baino errazago. Horregatik, urteotan egin ditudan lanetan finenetako batek era berezian tristatzen nau. Duela bi urte Ipar Kaukason egindako erreportajeak inoizko konplikatuenetakoak izan ziren. Eta tamalez, ez dut itzultzerik izan, eta kontakturik gehienak ere galtzen ari naiz, hain da handia askoren izua.
Kazetaria nintzela baina ez nengoela lanean, etorkizunean itzultzeko kontaktuak egiten baizik, esan nien hotelean atxilotu eta FSBko —KGB zena— bulegora eraman nindutenean. Eta absurdoa eta gezurra elkarren gainean egin genuen galdeketa. «Beraz, ez duzu ezer grabatu, ez eta inolako elkarrizketarik egin ere». Nik, ezetz, erantzun egokia hori zelakoan. Eta galderarekiko harridura ezkutatzen bidenabar, arratsalde osoa emana bainuen kontrol postuak grabatzen eta poliziei elkarrizketak egiten, Inguxetiako Gobernuak jarritako polizia batek lagunduta. Handik astebetera Txetxenian espainieraz zekien agentea neukan zain kontrol postu batean. Azkenean, hoteleko erregistroko akats batengatik zigortu ninduten. Winston Churchillek esan zuen: Errusia igarkizun bat da, misteriotan bilduta enigma baten barruan.
Baina absurdoaren eta burokraziaren egoera kafkatarren ondorioak larriak dira. Lagundu ninduen itzultzailea hilabetez bahitu eta torturatu zuten; ebakuntza behar izan zuen, libre geratzean. Groznin lantoki izan nuen Memorialgo bulegoa hilabetera itxi zuten, Natalia Estemirova hil eta gero. Eta jarioak ez dauka etenik. Zortzi lagun hil dituzte asteon Dagestanen. Etzi zazpi urte beteko dira Aminat Beksultanovak Timur semea azkenez ikusi zuela Txetxenian. Polizia batek berarekin joateko agindu zionetik ez da agertu Timur. Amak denetik egin eta jasan du —lanetik bota zuten, Estrasburgok kasua aintzat hartzean—; asteon jakin du Errusia 63.000 euro ordaintzera zigortu duela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Eta zenbat Aminat Txetxenia osoan.
Anna Politkovskaiaren hilketak bost urte beteko ditu datorren astean, inpunitate osoan. Irainaren azken urratsa Vladimir Putin etorbidea da, Grozni berri eta dotoreko kale nagusia. Izuz, saminez eta eskizofrenian bizi dira herritarrak, baina distira nagusi hirian. Eta badator berriz inoiz joan ez zena. Ieltsinen Errusia hordi, txiro eta, tarteka, libre-antzekoa hartu eta hartz beldurgarri eta errespetatua iratzartzea lortu duena. Ezin ahaztu 1999ko Moskuko leherketek ireki ziotela bidea KGB agente ohi ezezagunari tsar berri bihurtzeko. Nork du gogoan aitzakia hark —poliziak harrapatu zituzten lehergailuekin— abiarazi zuela Txetxeniako azken gerra? Bitxia, bidenabar, inperialismo bat sutsuki salatzen dutenek zeinen gustura egiten dioten Karibeko konpartsa inperialismorik beldurgarri eta ankerrenetakoari.
Gidoiak argi zekarren Dmitri Medvedevek aulkia berotu eta gero Putin itzuliko zela. Konstituzioa aldatuta eta sei urteko bi agintaldi egitekotan, gainera. Baina bazegoen itxaropen txikiren bat, txotxongiloak botereari gustu hartu, eta umiliazioaz nekatuko ote zen. Bada, ez. Petrolioaren eta gasaren prezioek behera egin arte, zail dirudite aldaketek. Oposizio komunistak zein liberalak nahiko lan izango dute Duman eserlekurik lortzen datorren urtean. Baina ez da ahaztu behar Errusiako bizi-itxaropena Afrikako herrialde askoren atzetik kokatu dela, jaiotza tasak beherantz jarraitzen duela, alkoholismoa arazo larri dutela, eta horrek guztiak errusiar etniakoei eragin diela. Musulmanak geroz eta gehiago dira, bai Kaukasokoak, bai tartariar eta beste herri turkiarretakoak. «Errusiar baten gainean hatz egin eta tartariarra aurkituko duzu», dio esaera zaharrak. Demokraziarekiko esperientzia tristearen ondoren, buruzagi indartsuak aurrera aterako dituela sinetsi behar dute errusiarrek. Sinestea besterik ez baitzaie geratzen.
Leku lekutan
Grozniko harakina 'reloaded'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu