Guantanamo: atzean utzi ezineko legatua

Uruguaik hartutako bost preso ohik ez dituzte eskaini dizkieten bizi baldintzak onartu, eta AEBen enbaxadaren aurrean protesta egin dute.Errepublikanoek presondegia ez ixteko kanpaina hasi dute

Adrian Garcia.
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Hamahiru urte giltzapean,AEBen Guantanamoko base militarrean, Kuban. Aurkako kargurik aurkeztu gabe. Epailearen aurrera eraman gabe. Baldintza kaskarretan, eta inkomunikatuta. Susmagarri izate hutsagatik. Guantanamoko sei preso abenduan askatu zituzten, eta Uruguain babesa hartu zuten. Bada, horietatik bostek ez dituzte onartu eskaini dizkieten baldintzak, eta protesta hasi dute Montevideoko AEBen enbaxadaren aurrean. ACNUR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziak aurkeztutako kontratua sinatzeari uko egin diote: urtebetez 15.000 peso hilean —500 euro inguru— eta denbora horretan etxebizitza ordaintzea eskaini diete hamahiru urteko sufrikarioaren ordainetan. Soldata jasotzeko beharrezkoa dute gaztelera ikastea eta tratamendu medikoak jarraitzea.

Tabare Vazquez presidenteak esana zuen ACNURek preso ohien beharrak betetzeko nahikoa baliabide bazituela. Baina ez da horrela gertatu: preso ohi palestinarra izan da baldintzak onartzen bakarra. Siriako lau lagun eta Tunisiako bat dira besteak. Haien arabera, Rodolfo Nin Novoa Atzerri ministroak «errefuxiatu politiko» estatusa aitortu zien, eta, horrenbestez, Uruguain hiru urtez etxebizitza eta hari lotutako gastuak ordainduko zizkien estatuak.

«Litekeena da gaizki-ulertu bat egotea», argitu du Atzerri ministroak. Nin Novoak adierazi du kontratua sinatu ezean ez dutela diru laguntzarik jasoko.

PIT-CNT sindikatuak utzitako etxe batean jaso zituzten preso ohiak herrialdera iristean. Baina, haien arabera, etxea txikia zen, eta seiak kabitu ezinik zeuden. Batzuk hotel batean hartu zuten ostatu, baina kontratuei uko egitean hoteletik alde egin behar zutela jakinarazi zieten. Horregatik erabaki zuten AEBen enbaxada aurrean kanpatzea, iragan ostiralean. Ez dute nora jo.

Kazetariz eta argazkilariz inguratuta egon dira lehen egunetan, eta herritarren elkartasuna ere jaso dute: janaria, edaria, karpak eta mantak banatu dizkiete. Gobernuak, badaezpada, poliziaren zaintzapean jarri du kanpalekua.

Familiak Uruguaira eramatea da errefuxiatuen beste eskarietako bat. Izan ere, larria da ere haien senideen egoera. Esaterako, Ali Hussein Xabaan siriarraren familia Jordaniako errefuxiatu kanpaleku batean babestu zen, gerratik ihesi. Hor ez dute Internetik, eta Xabaanek ez du nahikoa dirurik haiekin harremanetan jarri ahal izateko.

Argi utzi dute haiena ez dela Uruguaiko Gobernuaren edo NBEren aurkako protesta. «Ez dugu esker txarrekoak izan nahi uruguaitarrekin eta haien gobernuarekin». AEBei exijitzen diete egoera konpontzeko. «Bidegabeki eduki gintuzten preso hamahiru urtez, eta orain haiena da bizitza duina eramateko behar dugunaz hornitzeko ardura», azaldu dute ohar batean.Uruguaiko Gobernuak ere Washingtoni egotzi dio preso ohien erantzukizuna.

Errepublikanoen kanpaina

George W. Bush presidente ohiak utzitako legatua da Kubako presondegia. Barack Obamak Guantanamo ixtea hitzeman zuen kargua hartzean, baina ez da horretarako gai izan, neurri handi batean, Kongresuak jarritako oztopoengatik.

John Boehner Kongresuko errepublikanoen buruak beste kanpaina bat hasi du Guantanamoko presoak lekualdatzearen aurka. «Obama itsututa dago Guantanamo ixtearekin, jakinda askatu dituzten asko EI Estatu Islamikora batu daitezkeela».

Kongresuak trabak jarri aurretik, preso gehiago atera nahi ditu Pentagonoak. The Washington Post egunkariaren arabera, bi herrialdetan «mugimendu handiak» izango dira laster, eta hamar eta hogei preso yemendar artean hartuko dituzte. Obamaren agintaldian 116 preso atera dituzte. Beste 122 geratzen dira oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.