Guantanamoko base militarretik AEBetako Thomson espetxera

Gaur egun Kubako base militarreko kartzelan dauden 215 presoetatik ehun inguru eramango dituzte Illinoisera

arantxa elizegi egilegor
2009ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Barack Obama presidentearen gobernuak beste urrats bat egin du Kubako base militarrean dagoen espetxea ixteko bidean. Etxe Zuriko eledunek atzo bertan jakinarazi zutenez, Guantanamoko ehun preso inguru Illinoisko Thomson espetxera eramateko asmoa du Washingtonek. Chicagotik 240 kilometro ingurura dagoen kartzelak, 1.600 lagunentzako tokia du segurtasun handiko eremuan, eta beste 200entzako segurtasun txikikoan. Hala ere, gaur egun 144 preso besterik ez daude. Erabakia atzo gauean (goizaldea Euskal Herrian) zuten ofizial egitekoa, baina beste pausorik eman aurretik Kongresuaren onespena beharko luke Obamak, eta hor arazoak sor daitezke. Izan ere, bi ganberetan gehiengoa demokratek badute ere, horietako batzuk beldur dira herritarren erreakzioaz.

AEBetako presidente kargua irabazi eta gutxira, buruzagi demokratak iragarri zuen datorren urtearen hasierarako Guantanamoko presondegia ixtea zela bere lehentasunetako bat. Handik gutxira itxiera eguna ere jarri zuen: 2010eko urtarrilaren 22a. Duela aste batzuk, ordea, hori ezinezkoa zela aitortu behar izan zuen; Europako Batasuna ez zegoen borrokalari etsairik hartzeko prest, aurretik AEBek gauza bera egiten ez bazuten. Hala, irtenbide bakarra geratzen zitzaion Obamari, presoetako batzuk kontinentera mugitzea. Horrek, baina, bere aurka jar lezake iritzi publikoa, eta AEBetako estatuburuak badu nahikoa buruhauste osasun sistemaren erreformarekin eta Afganistanekin. Horregatik, haren gertukoak hasi dira dagoeneko neurriaren abantailak iragartzen. Roland Burrisek, Illinoisko senatari demokratak, nabarmendu du, besteak beste, 3.000 lanpostu sortuko lituzkeela segurtasun handiko presondegi berriak-%11ko langabezia dute estatu hartan-. Bide beretik jo du Patrick Quinn gobernadoreak ere: «Ona da estatuarentzat, ona ekonomiarentzat eta ona segurtasun publikoarentzat».

Errepublikanoek, aldiz, beste iritzi bat dute. Horiek Guantanamoko kartzela ixtearen aurka agertu dira hasieratik, argudiatuz borrokalari etsaiak kontinentera eramateak «arriskuan» jarriko lituzkeela herritar estatubatuarrak. «Ezin dugu Illinois bilakatu Al Kaedaren helburu. AEBek 50 milioi dolar baino gehiago bideratu dituzte Guantanamoko espetxea eraikitzera, terroristak AEBetako lurretatik kanpo mantentzeko», adierazi du Donald Manzullo ordezkari errepublikanoak.

Legedia aurka

Etxe Zuriak ofizialki jakinarazi ez badu ere, zenbait iturriren arabera, Obamak dagoeneko agindu du Thomsongo espetxea erosi eta segurtasun handiko kartzela bilakatzeko. Presoak hara eramaten hasi aurretik, ordea, beste oztopo bat gainditu behar du buruzagi demokratak. Izan ere, urte honen hasieran onartutako lege baten arabera, ezin da Guantanamoko presorik eraman kontinentera, baldin eta epaitzeko ez bada. Orain arte, jakinarazi dute base militarrean dauden presoetatik 45 epaituko dituztela AEBetan. Horietako bost irailaren 11ko atentatuak antolatzeaz daude akusatuta, tartean Khalid Sheikh Mohammed. 90 atzerrira eramango dituzte, eta beste 75ekin zer egingo duten ez dute jakinarazi. Azken horien aurkako akusazio formalik ez dute oraindik aurkeztu, baina Washingtonek ez ditu aske utzi nahi, «arriskutsuak» direlakoan.

Dena den, diputatu demokratek uste dute Kongresuaren debekua bertan behera uzteko aukera egongo litzatekeela, nahikoa sostengu lortuz gero. Horien iritziz, Obamaren proposamena indarrean sartuz gero, egun krisiaren ondorioz, ia hutsik dagoen ehunka milioiko eraikinari «probetxua» atera ahalko litzaioke. Thomsongo espetxea 2001ean eraiki zuten, eta 120 milioi dolarreko aurrekontua izan zuen.

New Yorkeko alkate ohia eta presidentetzarako hautagai izandakoa, Rudolph Giuliani errepublikanoa, da proiektuaren aurka gogorren hitz egin duenetako bat. «Badirudi Obama esaten ari zaigula egiaz beldurraren aurkako gerra amaitua dela. Hori hala balitz ez genituzke preso horiek segurtasun handiko kartzeletan sartu behar. Terrorismoaren aurkako gerrari garrantzia kentzen ari dira, eta hori arriskutsua da».

Segurtasun neurriak

Thomsongo presondegian 144 lagun daude gaur egun. Horiekin zer egin ez du oraindik erabaki Etxe Zuriak. Illinoisko agintariakere ez dira ados jarri. Batzuek proposatu dute horiek guztiak beste espetxe batera eramatea; baina badira bertan egotearen aldekoak ere.

Thomsongo espetxean Mississippi ibaiaren ondoan dago kokatua, eta 1.600 lagunentzako tokia du segurtasun handiko eremuan dauden eraikinetan. Horiek inguratuz bi hesi ditu, bata elektrifikatua, eta ukituz gero 7.000 volteko deskarga eragiten duena. Horretaz gain, inguru guztian mugimenduak atzemateko gai diren 312 kamera daude, eta baita kontrolerako dorreak ere. Dena den, Guantanamoko presoak hara eramateko onespena jasoko badute, segurtasun neurriak are gehiago zorroztu beharko dituzte.

Barack Obamaren administrazioak baimen guztiak lortuko balitu, emandako hitza bete ahal izango luke buruzagi demokratak, alegia, Guantanamoko base militarreko espetxea ixtea. Dena den, hori ez litzateke gertatuko datorren urte hasieran, izan ere, Etxe Zuriko egoiliarrak osasun erreformaren auzia konpondu behar du beste ezeren aurretik, eta ondoren, AEBetara eramaten ez dituzten presoak hartzeko konbentzitu behar du nazioarteko agintariak.



Zenbakia

1

Bulgaria. Boiko Borisov, Bulgariako lehen ministroa, prest agertu zen atzo Guantanamoko preso bat hartzeko. Dena den, oraindik Legebiltzarraren onespena behar du erabakiak. Gaur arte herrialde gutxi batzuk hitzeman dute halakorik.





Lau preso ohiren tortura salaketak atzerabota ditu Gorenak

Shafik Rasul, Asif Ikbal, Rhuhel Ahmed eta Jamal al Harith 2001ean atxilotu zituzten Afganistanen, etaAEBetara eraman zituzten terroristak zirelakoan. Bi urte egin zituzten Guantanamon, eta han egon ziren denboran torturatu egin zituztela salatu zuten. Atzo, baina, AEBetako Auzitegi Gorenak atzera bota zituen haien salaketak. Goreneko epaileen arabera, Defentsa idazkari Ronald Rumsfeldek eta presoez arduratzen diren beste hamar militarrek immunitatea dute, eta, beraz, ezin dira tortura eta tratu txar salaketengatik epaituak izan.

Lau presoen esanetan, espetxean egon ziren bitartean, jipoitu egin zituzten, zakurrekin mehatxatu zituzten eta ez zieten utzi otoitz egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.