Guantanamoko hamabost preso lekualdatu dituzte Arabiar Emirerri Batuetara

Barack Obama presidenteak hitzeman zuen kargua utzi aurretik kartzela itxiko zuela. 800 preso inguru zituen 2002an Guantanamok; egun, 61

Guantanamoko presondegiaren aurkako aktibisten protesta, Etxe Zuriaren aurrean, urtarrilean. JIM LO SCALZO / EFE.
2016ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Barack Obama presidentetzara iritsi zenetik Guantanamoko presoen lekualdatzerik handiena egin du AEBetako Gobernuak. Hamabost preso Kubako kartzelatik atera eta Arabiar Emirerri Batuetara eraman dituzte. Haietako batzuk hamalau urte zeramatzaten Guantanamon, eta atxiloturik zirauten haien kontrako kargurik egon gabe. Pentagonoak azaldu du erabakia hartu dutela gobernuko hainbat adituk onetsi ondoren. Halaber, eskerrak eman dizkio Arabiar Emirerri Batuetako Gobernuari: «Estatu Batuek eskertzen diote Arabiar Emirerri Batuetako Gobernuari Guantanamo ixteko esfortzuei eskainitako laguntza».

Obamak agindu zuen presidente kargua hartzean —2009an— bere agintaldia amaitu baino lehen Guantanamo itxiko zuela. Baina hilabete gutxi falta zaizkio Etxe Zuria uzteko, eta ez du oraindik bere helburua bete. Hala ere, aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu itxieraren bidean: 2002an, 800 preso inguru ere izan zituen kartzelak, eta, egun, 61 ditu. Donald Trump hautagai errepublikanoak adierazi du presondegia irekita edukitzeko asmoa duela presidente aukeratzen badute.

Kongresuaren oztopoak

Zortzi urteko agintaldian, Obama behin eta berriz saiatu da Guantanamoko presoak AEBetako kartzeletara eramaten, presondegia ixteko hitza betetzeko. Baina kongresuak oztopo ugari jarri dizkio, hainbat aitzakia erabiliz presidentearen ahaleginak deuseztatzeko. Horren ondorioz, gobernuak presoak beste herrialdeetara eraman ditu. Errepublikanoek erakutsi dute oposiziorik sendoena —gehiengoa dute Ordezkarien Ganberan—. Erabili izan duten argudio nagusia da presoak aske utziz gero «talde terroristekin» bat egingo dutela, bereziki, EI Estatu Islamikoarekin. Lekualdatzearen harira, Atzerriko Gaietarako Batzordearen presidenteak, Ed Royce errepublikanoak, Obama kritikatu du estatubatuarren bizitzak «arriskuan» jartzen dituelako «Guantanamo ixteko ahaleginekin».

Obamak bere plana defendatzeko argudiatu izan du Guantanamori irekirik eusteak «terrorismoaren kontrako borrokari kalte» egiten diola, eta «printzipio estatubatuarren kontrakoa» dela. Halaber, mantenua «garestiegia» dela ere erabili izan du argudio gisa, 2.000 zaindari eta sistema garestia baititu kartzelak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.