Guantanamoko presoak,

Reprieve Erresuma Batuko GKEren arabera, 2002. eta 2006. urte bitartean CIAk 3.500 euro ordaindu zituen Afganistanen eta Pakistanen preso batzuk atxilotu ahal izateko.

2008ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
G uantanamora 2002 eta 2006 urte bitartean CIA Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentralak bidali zituen hainbat presoerosi zituzten. Presoak Afganistanen edo Pakistanen hartu zituzten, eta hainbat kasutan, AEBetako armadak presoak eskuratzekoingurukoei dirua eskaintzen zien. Hori salatzen du Reprieve Erresuma Batuko GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeak, The journey of Death (Heriotzara bidaia) izeneko txostenean. Erakundea presoei justiziak ukatzen dien ordezkaritza legala emateaz arduratzen da, eta baita ikerketak egiteaz ere.

Erosketen adibide garbia da Shaker Aamer presoa. Pakistango tribu batekoek harrapatu zuten eta AEBetako armadari saldu zioten. Armadak 3.500 euro ordaindu zituen Aamer eskuratzeko.

Reprievek aditzera eman duenez, ikerketako ondorioetara iristeko gehien bat hegazkinetan zihoazen presoen adierazpenetan oinarritu dira. Hainbat salaketa egin dituzte, eta horien artean, presoek legez kanpo atxilotu dituztela azaldu dute. Txostenean Reprievek azpimarratu duenez, armadak diru asko gastatu du presoen inguruko informazioa lortzeko eta atxiloketatan parte hartu dutenekdiskrezioa mantentzea ziurtatzeko.

Hala ere, presoen egoerak atxilotzen zituztenetik okerrera egin zuen. Presoek adierazi dutenez, AEBetako armadak lehen galdeketetatik torturatu egin zituen. Horietako batek, SamiMuhideen 2002an atxilotutako Sudango kazetariak salatu du beste hainbat oinazeren artean, beharrezkoak diren lo orduak jarraian egin ez zitzaten armadak Guantanamoko presoak ordu laurdenero esnatzen zituela.

Baina tortura fisikoez gain, psikologikoak ere egiten zizkietela aditzera eman dute presoek. Hori da Binjam Mohamed Londresen bizi baina jatorriz etiopiarra den preso ohiak azaldutakoa: «Marokoko kartzela batean 18 hilabeteztorturatu ninduten, eta Guantanamora iristean zer egingo zidaten galdetu nion soldadu bati. Hark erantzun zidan soldaduak ziegara mozorroekin etorriko zirela eta makilekin joko nindutela. Ondoren, bortxatu eta botila hautsi baten gainean eseraraziko nindutela. Izugarri beldurtu nintzen».



ERREAKZIOAK PORTUGALEN.Reprievek txostenean Guantanamora zihoazen hegazkin batzuk Portugaldik igaro zirela aditzera eman du. Erakundearen aburuz, Portugalek hausnarketa egin beharko luke gertatuaren inguruan. Clive Stafford Smith Reprieveko zuzendariak azaldu duenaren arabera, presoak ezin izango ziren Guantanamora iritsi Portugalen laguntzarik gabe. Horregatik, Portugalek errudunak bilatzeko ikerketa egin beharko luke, eta gertatuaren ardura dutenak epaitu.

Albisteak Portugalen eragina izan du, eta erantzukizuna nori dagokion jakiteko helburuarekin ikerketa bat hasi dute. Ana Gomes Portugalgo Alderdi Sozialistako eurodiputatuak Portugalgo Gobernuari presioa egiteko eskatu du, horrela Gobernuak Portugalgo aireportuetan 2002 eta 2006 urte bitartean bidaiatu zutenen zerrendak eman ditzan. Portugalgo Gobernuak Europako legebiltzarrari jakinarazi dionez, hegaldietan hiritar amerikarrak bakarrik identifikatu zituzten.

Luis Amado Atzerri ministroa, bere aldetik, Portugaldik pasatako CIAko hegazkinen auziaren inguruan argitu beharrekoa azaltzeko prest agertu da eta berretsi egin du Gobernuak aditzera emandako informazioa.



chloe daviesReprieve gobernuz kanpoko erakundeko ikertzailea

«AEBetako armadak dirua ematen die hangoei, presoak emateko»

n. a.

Chloe Davies (Shrewsbury, Erresuma Batua, 1978) Reprieve Erresuma Batuko gobernuz kanpoko erakundeko ikertzaileetako bat da. Reprieveren egiteko nagusien artean ikerketa eta presoei Justiziak ukatutako ordezkaritza legala eskaintzea daude. Hori dela eta, Chloe Daviesek kartzela sekretuen inguruko ikerketan dihardu Reprieven, eta Clara Gutteridge erakundeko beste ikertzailearekin batera, The Journey of Death (Heriotzaren bidaia) izeneko txostena argitaratu zuen hilaren 1ean. Hor salatzen dute, besteak beste, presoak Guantanamora bidaltzerakoan erosi egiten zituztela, eta oro har, tratu txarrak jasaten zituztela.

AEB Ameriketako Estatu Batuek presoak erosi zituztela salatzen duzue txostenean. Nola erosi ohi dituzte presoak?

Kasu bakoitza ezberdina den arren, guk aztertutako ia denetan AEBetako armadak prozedura bera izan ohi du: presoak Afganistanen edo Pakistanen hartzen dituzte. Zenbaitetan AEBetako armadak dirua ematen die hangoei, presoak emateko. Ondoren, Marokoko legez kanpoko kartzeletan izaten dituzte, eta hor egiten dizkiete lehen galdeketak eta torturak. Ondoren, eskuak eta hankak lotuta, egoera deserosoan hegazkinez bidaiatu behar izaten dute hainbat orduz, batzuetan Europako herrialdeetan edo haien agindupeko lurraldeetan geldituta. Gero Guantanamora eramaten dituzte, eta han egiten dizkiete galdeketak armadako buruzagiek.

Zein izan daiteke, zure aburuz, AEBek presoengatik ordaintzeko arrazoia?

Nire ustez, bi arrazoi nagusi daude: AEBetako armadak galdeketak diskrezioz egin nahi dituela eta AEBek susmagarrien inguruko informazioa erosi egiten duela. Izan ere, AEBetako armadak etsaien inguruko informazioa lortu nahi duenez, galdeketak egiteko ahalik eta lagun gehien atxilotzen du. Horretarako, susmagarrien zerrenda egiten dute: horietako batzuk hutsegitez hartzen dituztenak dira, berez etsaiekin zerikusirik ez dutenak, eta besteak galdeketetan informazioa lortzeko asmoz hartzen dituztenak.

Zein da Reprieveren txostenaren garrantzia zuretzat?

Egungo errealitate bat azaleratzen duela eta, txostena oso garrantzitsua dela deritzot. Europako herrialdeek hitzez kritikatzen duten arren, ekintzekin AEBek egiten dituen irregulartasunei sostengua ematen diete. Txostenetik ondorioztatzen dena oso kezkagarria iruditzen zait, Europako herrialde bakar batek ere ez bailuke inola ere Guantanamon egiten denarekin zerikusirik izan behar.

Presoak Guantanamora bidean Portugalen gelditu zirela baieztatzen duzue, baina hegaldiak, besteak beste, Turkiatik, Marokotik, Erresuma Batutik eta Espainiatik abiatu ziren. Zuretzat herrialde horiek ba al dute erantzukizunik?

Denok, bai herrialdeek eta baita herritarrok ere, erantzukizun morala dugu. Izan ere, presoek Guantanamora egiten dituzten bidaiak onartuta, neurri batean presoen egoeraren errudun gara. Gu gara Guantanamo existitzea onartzen dugunak, eta guri dagokigu AEBetako armadak gehiegikeriak amai ditzan zerbait egitea.

Txostenean Portugal aipatzen duzuela eta, zer-nolako eragina izan du bertan?

Espero zitekeen moduan, zalaparta sortu du. Gobernuak 2002tik 2006ra bitartean izandako parte-hartzearen inguruan ikerketa bat hasi dute, baina oraindik ez dute eman nondik norakoen daturik.

Zer egin beharko litzateke Guantanamoko presoen egoera alda dadin?

Hainbat aldaketa egin beharko lirateke haiek hobeto egon daitezen. Esate baterako, nazioarteak akordioak lortu beharko lituzte presoen oinarrizko giza eskubideak bermatzeko, Guantanamoko presoen egoera negargarria eta kezkagarria baita.

Urtarrilean Guantanamoko kartzela ixteko hainbat manifestazio egin zituzten, eta Mike Mullen AEBetako armadako buruzagia ere Guantanamo ixtearen alde agertu zen.

Etorkizunean Guantanamoko kartzela itxiko dutela espero dut. Hori lortzeko ahaleginak egiten ari gara Reprieven, baina ezer lortu nahi badugu, nahitaezkoa da Europako herrialdeek egiazko konpromisoa hartzea eta presoei behar duten sostengua ematea, atxilotuak daudenean eta baita ondoren ere.

Guantanamoko presoen egoera hobetuko al litzateke AEBetako armadak Guantanamo ixtea erabakiko balu?

Zalantza handiak ditut horren inguruan. Agian beste leku batera eramango lituzkete. Hori gertatuz gero, haien egoerak berdin jarraituko luke. Hala ere, Reprieveren egiteko nagusia presoak haien jatorrizko herrialdeetara itzularaztea da, eta hori lortzen saiatuko ginateke Guantanamo itxiko balute. Orain arteko presoei gertatu zaiena ikusita, seguru asko besteek ere gauza bera egingo lukete: haien bizitza berreraikitzen saiatuko lirateke. Oso zaila izan ohi da, preso dauden bitartean mota guztietako torturak jasan ohi dituztelako. Edonola ere, Reprieveren bitartez behar luketen sostengua emango genieke, eta Europako herrialdeek ere gauza bera egingo luketen itxaropena dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.