Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiari eta Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari eragin diezaiekeen auzi bat ikertzeko operazioa egin du Guardia Zibilak, gaur goizean. Gironako udaletxean agertu dira ustelkeriaren kontrako Guardia Zibilaren taldeko hainbat polizia, kaleko jantzita. Ustezko iruzur kasu batekin lotutako informazioa galdegin dute idazkaritzan eta kontu hartzailetzan.
Polizia ikertzen ari da 1998 eta 2013 artean udalak diru publikoa legez kontra bideratu ote zuen Agissa ur-hornikuntza enpresara. Aldi artako azken bi urteetan, hiriko alkate izan zen Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia —2011etik 2016ra izan zen Gironako alkate—. Hasiera batean, Espainiako zenbait hedabidek Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia auzian inputatu dutela zabaldu dute, baina Kataluniako Auzitegi Nagusiak adierazi du Puigdemont ez dagoela auzipetuta, gaur-gaurkoz.
Ikerketak ustezko iruzurrarekin lotu ditu Salteko eta Sarria de Terreko (Girona, Herrialde Katalanak) udalak ere, eta herri horietako udaletxeetara ere joan da Guardia Zibila informazio eske. Torrent Sarria de Terreko alkate izan zen 2007 eta 2018 artean.
Ez da Guardia Zibila Gironako udaletxean agertzen den lehen aldia, auzi horri buruzko informazio bila. Iazko irailean, hamabost miaketa egin zituen Gironako udaletxean eta probintziako zenbait herritan.