Kataluniako prozesu subiranista

Guardia Zibilaren aurkako salaketa aurkeztu du Generalitateak

Generalitateko kideei egindako galdeketak "oinarrizko eskubideen urraketa" direla iritzita aurkeztu du salaketa Kataluniako Gobernuak. Galdekatutako zenbait lekuko gisa deitu zituzten deklaratzera, eta polizia etxean zirela jakinarazi zieten ikerketapean zeudela.

Salaketa aurkeztu du Kataluniak, Guardia Zibilaren aurka. GENERALITATEA
arantxa elizegi egilegor
2017ko uztailaren 29a
11:29
Entzun

Presidentetza kontseilari Jordi Turullek iragarri zuen astearen erdi aldera ez zirela geldirik geratuko Espainiako Guardia Zibilaren esku hartzeen aurrean. Esan eta egin. Gaur bertan, Generalitateak salaketa aurkeztu du hainbat goi kargudunen galdeketetan parte hartu zuten guardia zibilen aurka, haien "oinarrizko eskubideak urratu" zituztela argudiatuta. "Azken egunetako galdeketek argi erakusten dute Kataluniako prozesu subiranistari erasotzeko indarkeria eta larderia kanpaina bat dagoela abian", gaitzetsi du Turullek.

Generalitateak berak sare sozialen bidez zabaldutako salaketaren agirian irakur daitekeenez galdekatutako zenbait lekuko gisa deitu zituzten deklaratzera, eta haiek galdekatzen ari zirela jakinarazi zieten euren estatusa "ikertuarena" zela eta ez soilik lekukoarena. Horiek dira esaterako Presidentetzarako idazkari Joaquim Ninen eta Generalitateko komunikazio arduradun Jaume Cloteten kasuak. Dokumentuaren arabera, lekuko gisa deitu zituztenez, ezin izan zuten beren abokatuekin sartu galdeketetara.

Agirian jasotzen denez, goizeko bederatziak aldera deitu zuten deklaratzera Nin, eta bi ordu inguruan galderak erantzuten aritu ostean, guardia zibilek jakinarazi zioten, "ikertuen artean " zela bera. Leporatzen dizkioten delituen artean, berriz, "sekretuak argitara ateratzea, diru publikoak bidegabe erabiltzea, desobedientzia, prebarikazioa eta matxinada".  Une horretan, Generalitateko abokatu Merce Curullek azalpenak eskatu zizkien guardia zibilei Nimen estatus aldaketari buruz, eta haiek erantzun "horrenbeste bazekien" hura ere galdekatuko zutela.

Generalitatearena ez da, hala ere, Katalunian azken orduetan Guardia Zibilaren aurka aurkeztutako salaketa bakarra. Ostiralean, hainbat juristek salaketa aurkeztu zuten Espainiako segurtasun indarren aurka, eta dokumentuak faltsutzea eta eurenak ez diren funtzioak beren gain hartzea egotzi zieten.

Bestalde, Justizia kontseilari Carles Mundok nabarmendu du Kataluniako Gorenak aitortu duela Generalitateko kideak galdekatzeko agindua ez zuela eman Bartzelonako Instrukzio Auzitegiko 13. aretoak —hori zihoen Guardia Zibilak bidalitako zitazioak—. Ikerketak berak, berriz, sekretupean jarraitzen du.

Bost delitu

Salaketan bost dira galdeketetan parte hartu zuten guardia zibilei egozten zaizkien delituak: oinarriako eskubideak urratzea, justizia oztopatzea, eurenak ez diren funtzioak bereganatzea, dokumentuak faltsutzea eta sekretuak argitara ateratzea.

Horretaz gain, nabarmendu dute guardia zibilek leporatzen zietela lekukoei "gezurretan aritzea" eta ohartarazten horrek "ondorioak" izango zituela, era horretan haiek euren testigantza alda zezaten. Bide batez, salatu dute ikerketa sekretupean dagoen arren, zenbait komunikabideri abisu eman zietela non eta noiz izango ziren galdeketak, eta deklaratzera deitutakoak baino lehenago iritsi zirela tokira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.