Benedicto Lucas eta Manuel Callejas Guatemalako armadako jeneral ohiak epaituko dituzte, 1978tik 1982ra bitartean ixil etnia indigenako 1.731 lagunen hilketarekin zerikusia izan zutelakoan.
Fiskaltzak 2020ko martxoan egin zuen eskaria, eta epaileak atzo hartu zuen erabakia; hortaz, Lucas eta Callejas gizateriaren kontrako delituagatik, genozidioagatik eta desagertze behartuengatik epaituko dituzte. Akusazioak argudiatu du herrialdearen iparraldean 23 komunitate suntsitu zituzten 31 sarraskiren erantzule direla.
Erdialdeko Amerikako herrialdean izandako gerra zibilak (1960-1996) 250.000 hildako eta 50.000 desagertu eragin zituen, eta bi jeneral ohiei egotzitakoak gatazkako garairik odoltsuenean egin zituzten.
Errudunak direla ebatziz gero, ez litzateke jasoko luketen lehen zigorra izango, 2018an biei ala biei 30 urteko espetxealdiak ezarri baitzizkieten 1981ean haur bat desagerrarazteagatik. Kartzelan daude egun.
ODHAG Guatemalako Artzapezpikutzaren Giza Eskubideen Bulegoak begi onez ikusi du epailearen erabakia, eta, ohar baten bidez, honako hau adierazi zuen atzo: «Justizia ospatzen dugu; berandu dabil, baina biktimen duintasunaren borrokaren eta memoriaren ostertzera hurbiltzen da».
Ia 200 lekuko eta adituren 148 txosten aurkeztu zituzten akusazioa frogatzeko, ODHAGek oroitarazi zuenez: «Inteligentzia militarrak modu faltsuan jo zituen ixil indigenak estatuaren etsai gisa, gerrillekin harremana zutelakoan».
Berradiskidetzerako Justizia Elkartearen arabera, Lucasen agindupean militarrek 12.400 lagun baino gehiago hil zituzten etnia hori bizi zen eremuan.
Militar ohia Romeo Lucas presidente ohiaren (1978-1992) anaia da, eta armadako brigada jenerala izan zen, buruzagitzaren parte izateaz gain; Callejas, berriz, jenerala izateaz gain, inteligentzia adarraren buruzagia ere izan zen Guatemalako armadan.
Beste zigortuak
2013an, Jose Efrain Rios Montt herrialdeko diktadore (1982-1983) izandako jenerala 80 urteko espetxealdiarekin zigortu zuten bere agintaldian ixilen kontra egindako genozidioagatik —epaitu zuten lehen estatuburu ohia izan zen—, baina gerora herrialdeko Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen erabaki hori, zigorra ebatzi zuen epaileak Konstituzionalaren agindu batzuk bete ez zituelakoan.
Agintari ohiaren kontrako auzian, Hector Rosada Granados UNRG gerrillarekin bake negoziazioetan parte hartu zuen Guatemalako Gobernuko ordezkariak aitortu zuen «ixilen eremuan 1981etik 1983ra bitartean estatuak genozidioaren» delitua egin zuela «sistematikoki».
Rios Monttek de facto gobernatu zuen Guatemalan 1982rik 1983ra bitartean, 46 urteko gerra zibileko urterik odoltsuenetan. Hamazazpi hilabete egin zituen agintean: tarte horretan, egunero 800 hilketa gertatu ziren batez beste.
2015ean, berriz, Hector Mario Lopez Fuentes Guatemalako jeneral erretiratua hil zen, etnia horren kontrako genozidioagatik zigortua eta Rios Montteren legealdian Defentsako Estatu Goreneko burua izandakoa; indigena horiek desagerrarazteko Victoria 82 planaren egile intelektualtzat hartua zen Lopez Fuentes.
Guatemalako bi jeneral ohi epaituko dituzte ixil indigenen sarraskiagatik
Gizateriaren kontrako delitua, genozidioa eta desagertze behartuak egotzi dizkie fiskaltzak, 1978tik 1982ra bitarteko 1.700 bat hilketaren harira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu