Firat agentziak eman du atxiloketen berri. 2014az geroztik dira alkateak; Kisanak eta Anlik botoen %55,3 jaso zituzten kurduek hiriburutzat daukaten hirian; Diyarbakir Ipar Kurdistango hiri handiena da —930.000 biztanle—. Diyarbakirko lehen emakume alkatea da Kisanak.
HDP kurduen eskubideen aldeko Herriaren Alderdi Demokratikoak gaitzetsi egin du "legez kanpoko atxiloketa", eta biak berehala libre uzteko eskatu du. Kisanak Turkiako Parlamentuko diputatu ohia eta HDPko figura garrantzitsuenetakoa da.
Diyarbakirgo fiskaltzak eman du atxilotzeko agindua, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren inguruko ikerketa baten harira. Hortaz, litekeena da biei "propaganda terrorista" egin izana leporatzea, hala egotzi izan baitiete HDPko hainbat politikariri. Ordu batzuk lehenago, Kisanakek Turkiako Parlamentuan hitz egin du, uztailaren 15ean izandako estatu kolpe saioa aztertzen duen batzordean.
Anlik aurtengo otsailean eman zion BERRIAri hirian bizi zuten setioaren berri: "Tankez inguratua dago alde zaharra; ke beltza dario, eta bonben hotsak aditzen dira".