Mista'aravim hitzak arabiarrak baino arabiarrago esan nahi du hebreeraz, eta Israelgo Poliziak duen unitate sekretua izendatzeko erabiltzen da. Izena ez zen kasualitatez aukeratu, Israelen zein lurralde okupatuetan bizi diren palestinarren artean infiltratzea baita unitate horren xedea, betiere, arabiarrak balira bezala. Hartaz, ezkutuko operazioak, bahiketak eta atxiloketak egiten dituzte. Hilketa selektiboak egitea ere leporatu izan diete.
Giza eskubideetan aditu Michael Sfard Israelgo abokatuaren esanetan, «mista'aravim unitatearen historia Israelgo Estatuarena baino zaharragoa da, eta indar okupatzaileek okupatuenganako duten jarrerari erantzuten dio». 1930eko hamarkadan, mugimendu sionistak herrialde arabiarretan bizi ziren juduak errekrutatu zituen, palestinarren artean espioitza lanak egin zitzaten. 1948an, Israelgo Estatua ofizialki sortu zenean, agente sekretuek eremu horietan bizitzen jarraitu zuten, maiz, bertako emakumeekin ezkonduz eta komunitateetan integratuz.
Baina Israelgo Poliziak, 1960ko eta 70eko hamarkada odoltsuetan, mista'aravim unitateak berrantolatu zituen, eta epe laburreko misioak egotzi zitzaizkien okupaturiko lurraldean eta ondoko herrialde arabiarretan. Hilketa selektiboetan espezializatu zen. Misio horien eredurik ezagunena da Ehud Barak Israelgo egungo Defentsa ministroa. 1973an hiru lider palestinar Beiruten hil zituen, terroristak izatea leporatuta. Emakume mozorrotuta egin zituen hilketak. Askorentzat, haren igoera politikoaren hasiera ezarri zuen misio horrek.
Era berezian trebaturik
Azkenaldian, Jerusalem ekialdean eta Zisjordanian, banaketa hesiaren kontrako manifestazioetan duten presentzia nabarmenagatik berriz ere palestinarren ahotan daudemista'aravimak. «Lehen eta bigarren intifaden ostean, polizia sekretuaren presentzia gero eta ohikoagoa egin zen kaleetan, eta, ordutik aurrera, antolatzen ditugun protesta guztietan infiltratzen dira», dio Mohammad Abu Humus Jerusalemgo ekintzaile politikoak.
Abu Humusen arabera, ia ezinezkoa da polizia sekretua gainontzeko manifestariengandik bereiztea, «arabiarren parekoak» izateko trebatzen dituztelako. «Gutako bat dirudite. Txano beltzak eta kufijak [lepoko palestinarrak] daramatzate, arabieraz hitz egiten dute, eta, maiz, 'Ala akbar!' [Jainkoa handia da] oihukatzen dute, giroa berotzeko».
Poliziaren eta manifestarien arteko istiluak sustatzea ere egotzi izan zaio. Abu Humusen hitzetan, mista'aravimek «psikosia» sortzen dute protestetan, «inor ez baita bere ondokoaz fio». Probokazioa ere bilatzen dutela salatu du: «Askotan, Poliziaren kontra harriak botatzen eta elkarri iraintzen hasten dira. Inguruko gazteek jarraitzen dituztenean 'meshtara' [polizia] oihukatzen dute. Berehala, patruilak hurbiltzen zaizkie, eta atxilotu egiten dituzte».
Jerusalemgo Issauija auzoko bizilaguna da Nemer Auadala. Haren arabera, Nakbaren (Hondamendiaren Eguna) urteurrenean Kalandiako manifestazioan egin zituzten atxiloketen bideoak ikustea besterik ez dago mista'aravimek erabiltzen dituzten indarkeriazko metodoez jabetzeko. Haren semea, Mohammad, Kalandiako errefuxiatu gunetik gertu atzeman zuten polizia sekretuek egun hartan, lanera bidean zela. Kartzelan jarraitzen du oraindik. «Edozein atxilotzen dute, nire semea furgonetatik atera zuten, harekin zeramatzan kideak terroristak zirelakoan, eta gogorki jipoitu zuten».
Jerusalem ekialdean egin ziren manifestazioetan ere ehunka palestinar atxilotu zituzten mista'aravimek. «Isauijan manifestatzen ari zela, bere ondoan zegoen mutila gainera bota zitzaion, eta pistola erakutsi zion», nabarmendu du Sale Jamil Darik, bere seme Firas atxilotu zuteneko irudiak erakusten dituen bitartean. «Nakbaren urtemugan berrogei bat zeuden auzoan, eta inork ez zituen atzeman, palestinarrak atxilotzen hasi ziren arte. 60 gaztetik gora harrapatu zituzten».
Oihartzuna hedabideetan
Nakba eguneko atxiloketen irudiek oihartzuna lortu dute; Poliziaren metodoen inguruko eztabaida berpiztu da. Baina Sfard abokatuak azaldu duenez, «zaila da» jardunbidea legezkoa den ala ez ziurtatzea: «Gerran, nazioarteko legediari jarraiki, soldaduak zibilengandik bereizi behar dira derrigorrez. Manifestazioetan, berriz, ordena betearazten ari direla uste da, eta, horretarako, ezkutuan aritzea legezkotzat jo daiteke».
Errealitatea askoz sinpleagoa delakoan dago Abu Humus: «Egoera hau okupazioak eragindakoa da, eta horrek dena baldintzatzen du. Segurtasunaren eta defentsaren izenean, edozer gauza egiteko gai da Israelgo Polizia».
'Gutako bat' diruditenean
Israelgo poliziek sarri zibilez jantzita egiten dituzte operazioak; palestinarrak manifestazioetan atxilotzeagatik lortu du oihartzuna polizia sekretuak, baina unitatearen historia luzeagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu