Joan den ostiralean hasi ziren protestak eta istiluak Txilen; metroko txartelaren prezioa igo zela-eta egin zituzten lehen mobilizazioak, baina herrialdearen eredu politikoaren aurkako mugimendu bilakatu dira orain. Gertakariek gutxienez 11 hildako eragin dituzte, ehunka zauritu, 1.900 atxilotu eta 110 arpilatze inguru. Supermerkatuetan jazotako lau suteren ondorioz izan dira hildakoetatik hamar, eta azkenekoa segurtasun indarrek hil zuten tiroz atzo, Coquimbon.
Protesta ekintza baketsuak —manifestazioak eta kazeroladak— nahastu dira barrikadekin, supermerkatuen arpilatzeekin eta segurtasun indarrekin izandako liskarrekin. Besteak beste, manifestariek su eman diete Txileko Bankuaren egoitza bati eta El Mercurio egunkari kontserbadorearen egoitza nagusiari. Ekintzak hasi zirenetik militarizazioarekin erantzun zien protestei Sebastian Piñeraren gobernuak, eta dagoeneko ezarri dute salbuespen egoera Santiagoko eskualde metropolitarrean, Valparaison, Concepcionen, La Serenan, Coquimbon eta Valdivian. Neurri horren bidez armadaren esku utzi du kontrola gobernuak eta haiek dira egoera kontrolatzeko arduradunak. Politikariei dagokienez, atzo premiazko saioa egin zuten Txileko Diputatuen Ganberan, eta ia aho batez onartu zuten metroaren prezio igoera ezeztatzen zuen lege proiektua; gaur berrestu behar du neurria Senatuak.
Politikoki, Txilek Hegoaldeko Amerikako herrialderik egonkorrena izateko ospea du, eta askok dute doktrina neoliberalaren adibide arrakastatsutzat. Protestek modelo horren atzean dagoena azaleratu dute, eta ezbaian jarri Pinocheten diktaduraz geroztik (1973-1990) herrialdeak duen eredu politikoa. Manifestarien salaketa nagusiak hauek dira: herrialdeko ezberdintasun sozialak; aberastasun ekonomikoaren kontzentrazio handia; zigorrik gabeko ustelkeria kasuak; eta pribatizazioak nagusi diren sistema ekonomikoak eragiten duen prekarizazioa. Gainera, Txilen arazo handia dira osasun eta hezkuntza sistemaren kalitate eskasa eta prezioa, baita gutxiengo etnikoek jasaten duten jarraipena ere —maputxeek nagusiki—.
Gobernuaren erantzuna
Kalean protestan dabiltzanen jokabidea salatu zuen Piñera presidenteak atzo: “Demokrazian bizi nahi duten txiletar guztien aurka ari dira suteak, barrikadak eta arpilatzeak eragiten ari diren gaizkile horiek”. Horrez gain, babesa adierazi zien segurtasun indarrei eta salbuespen egoera ezartzeko neurria defendatu zuen, “demokraziak bere esku dauden baliabide guztiak erabiltzeko eskubidea eta betebeharra baitu demokrazia bera eta zuzenbide estatua suntsitu nahi dutenen aurka”. «Biolentoen aurka gerran» daudela ere esan zuen, eta, adierazpen horien ondorioz, hainbat sektoretatik kritikak jaso ditu Piñerak.
Bide beretik jarraitu zuen Andres Chadwick barne ministroak. Biolentzia gertakariak “antolatuak” direla salatu eta jakinarazi zuen 10.500 militar eta Polizia dituztela herrialdean zehar sakabanatuta; beharrezkoa bada gehiago zabalduko dituztela ere iragarri zuen.
Eztabaida horren erdian ikusteko dago zer bide hautatuko duen Piñerak. Hilabete eskas falta da nazioartean ikusmin handia sortzen duten bi ekitaldi handitarako —Libertadores Koparen finala eta Klimaren Gailurra—; Txilen egingo dira biak, eta ordurako protestak bideratzea komeni zaio presidenteari. Kaleetan dauden herritarren eta Txilen oso boteretsuak diren elite ekonomikoen presioei egin beharko die aurre; Piñera bera da elite horretako kide aberatsenetakoa.
Tortura salaketak
Giza Eskubideen Txileko Institutuak iragarri du segurtasun indarren aurkako zortzi salaketa aurkeztuko dituela. Sergio Micco erakunde horretako zuzendariaren arabera, segurtasun indarrek 44 pertsona zauritu dituzte protestak hasi zirenetik, eta beste bederatzi biluztera behartu dituzte. Horrez gain, atxilotuek honako hauek salatu dituzte: irainak, tratu txarrak, kolpeak aurpegi eta iztarretan, torturak eta sexu irainak, besteak beste. Balaz zauritutako bat ere bada.
Michelle Bachelet Txileko presidente ohiak eskatu du eragile independente batek aztertzeko zauritu eta hildakoak. Adierazi duenez, dagoeneko hamahiru izan daitezke hildakoak. Piñerari esan dio «egoera lasaitzeko gizarteko eragile ezberdinekin» hitz egin beharko duela.