Gutxienez 11 soldadu hil ditu PKK-k Turkian, errepidean bi lehergailu jarrita

Kurdistango Langileen Alderdiaren aurkako politika gogortuko duela iragarri du Erdoganen gobernuak

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Turkiaren mendeko Kurdistanen —Hakkira probintzian— 11 soldadu hil dituzte gutxienez, bi bonba leherrarazita; PKK Kurdistango Langileen Alderdiak bere gain hartu du atentatua. Errepide batean bi lehergailu jarri dituzte, eta militarren ibilgailua igarotzean leherrarazi egin dituzte. Soldadu bat orduantxe hil da; beste zazpiak, berriz, larri zauritu dira, eta inork artatu aurretik hil dira. Oraindik hainbat zauritu daude, eta, beraz, datozen orduetan hildako kopurua igo daiteke. Hakkariko iturrien arabera, gainera, leherketen ondoren tiro hotsak entzun dituzte.

«PKK-k gure pazientzia amaiarazi nahi du, baina ez du gobernutik ezer lortuko», adierazi du Ismet Jilmaz Turkiako Defentsa ministroak; «legearekin eta demokraziarekin garaituko ditugu».

Azken asteetan, PKK-k areagotu egin ditu erasoak. Asteartean bertan soldadu bat hil zuten Turkia hegoaldean, eta asteburuan, berriz, beste hiru soldadu.

Iranen, berriz, PJAK Kurdistango Bizitza Askerako Alderdiko 40-50 lagun inguru hil ditu Guardia Iraultzaileak, Irakeko mugatik gertu. Irango tropei eraso egitea eta gasbideei sabotajea egitea egozten dio Teheranek PJAKri.

Estrategia aldaketa

Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak aste honetan adierazi duenez, Ramadana amaitu bezain pronto gobernuak gogortu egingo du PKKrekiko politika. «Terrorismoaren» aurkako estrategia berriak jarri nahi ditu martxan Erdoganek; PKKren erasoei erantzuteko bete behar diren burokrazia arauak gutxitzea izango litzateke neurrietako bat. Horrez gain, gune «beroetako» indar bereziak areagotu egin nahi ditu, eta probintzietako agintariek PKKren aurkako borrokan parte handiagoa hartu beharko lukete.

Turkiako oposizioak, dena den, kritikatu egin ditu Erdoganen adierazpenak; «30 urteko esperientziak erakutsi digu armak erabilita ez dugula terrorismoa amaituko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.