Libano

Gutxienez 135 hildako eta desagertu eragin ditu Beiruteko leherketak

5.000 zauritu baino gehiago daude, eta dozenaka pertsona galduta. Eztanda hiri osoan sentitu zen, eta erre den lehergailu biltegitik kilometro batera dauden eraikinetako leihoak ere hautsi ditu.

2020ko abuztuaren 4a
18:50
Entzun

Leherketa ikusgarri batek dardarka jarri zuen Beirut atzo arratsaldean. Libanoko hiriburuko portuko lehergailu biltegi batek su hartu zuen, eta horrek eragindako leherketa hainbat kilometrora ere sumatu zuten. Ezbeharretik 24 ordu baino gehiago pasa direnean, gutxienez 135 lagun hil edo desagertu direla baieztatu du Libanoko Osasun Ministerioak, eta 5.000 baino gehiago zauritu. Horrez gain, gutxienez ehun pertsona galduta daude, eta milaka etxerik gabe geratu dira. Gobernuak «gune katastrofiko» izendatu du hiria, eta gutxienez bi astez iraungo du han larrialdi egoerak.

Portuko gari siloetako batean piztu zen sua, eta alboko lehergailu biltegira pasatu zen ondoren, 18:15ak aldera —17:15ak Euskal Herrian—, ANNren arabera. Gorantz nabarmendu den ke gorrixka bat eragin du suteak, eztanda soinuekin batera. Sare sozialetan zabaldu diren bideoetan ikusten denez, segundo batzuk geroago gertatu zen leherketa handia. Hiri osoan sentitu zen eztanda. Leherketaren hedatze uhinak bost kilometrora dauden hainbat eraikinetako leihoak ere hautsi zituen. Aboudek azaldu du «hiri erdiak kalte larriak» jasan dituela.

Gertatutakoaren inguruan hainbat bertsio zabaldu dituzte. Atzo, Libanoko Segurtasun zuzendari Ibrahim Abbasek baieztatu zuen «urteetan konfiskatutako material bereziki lehergarria» gordetzen zela lehertu den biltegian. Gaur, hori berretsi du Libano presidente Michel Aounek. Hark esan duenez, biltegian 2.750 tona amonio nitrato pilatuta egon dira sei urtez. Antza, portuko agintariek bahituriko itsasontzi batetik atera zuten gai kimiko hori, 2013. urtean. Amonio nitratoa ongarria egiteko erabiltzen da nekazaritzan, eta askotan erabili izan da lehergaiak egiteko, besteak beste eskuin muturreko talde batek Oklahoman (AEB) 1995. urtean eginikoan. Ez du eman, ordea, geratutakoaren inguruko xehetasun gehiago. Herrialdeko Al-Mayadin telebista katearen esanetan, lehergailuez gain, gasolina ere bazegoen biltegian.

Libanoko Gobernuak dolu eguna ezarri du gaurko, eta adierazi du ikerketa bat abiatu dutela arduradunek erantzun dezaten. Arrazoiaren inguruan, herrialdeko presidenteak adierazi du «axolagabekeriaren» ondorio dela, eta zigor «gogorrak» ezarriko dituztela aurreratu du: «Ikerketarekin aurrera jarraitzeko erabaki irmoa hartu dugu, gertatutakoaren arrazoiak lehenbailehen argitzeko, eta arduradunak gogor zigortzeko».

«Hondamendi ikaragarria da hau: biktimak eta hildakoak daude leku guztietan», esan du Libanoko Gurutze Gorriko eledun George Kettanik. Kalterik larrienak portu inguruko eraikinetan eragin ditu leherketak. «Hildako eta zauritu asko» zeuden han inguruan, testiguen arabera. Arratsalderako, bostehun lagunetik gora ospitaleratu zituzten Hotel Dieu ospitalean, LBC telebista katearen arabera, eta herritarrei odola emateko eskatzen ari dira. Efe albiste agentziaren iturrien arabera, gainera, ospitale hark denbora gutxira azaldu zuen ezin zuela zauritu gehiago hartu. Egoerari aurre egiteko, kanpaina ospitaleak jarriko dituzte hirian, Osasun ministerioaren arabera.

Gainera, Osasun ministroak zauritu guztiak hartzeko agindua eman die ospitaleei, eta tratamenduak Osasun Ministerioak ordainduko dituela adierazi. Era berean, herrialdeko presidente Michel Aounek eskatu du leherketaren eraginez desplazatu behar izan dutenei laguntzeko. Izan ere, leherketak Beiruteko portua suntsitu du, eta dozenaka etxebizitza, hotel eta denda eraikin inguru zabal batean. Milaka pertsona etxerik gabe geratu dira.

Erreskate lanei dagokienez, larrialdi zerbitzuak portu inguruan ari dira jardunean, eta Gurutze Gorriak ere ingurura gerturatzeko eskatu die erakundearen kolaboratzaileei. Horrez gain, Aoun presidenteak armada bidaltzeko agindu zuen atzo, «leherketa handiaren ondorioak tratatzeko» eta «segurtasuna bermatzeko». Beiruteko gobernadore Marwan Aboudek atzo jakinarazi zuen agintariek kontaktua galdu zutela ingurura joandako hainbat suhiltzailerekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.