Karachiko eskola islamiko batean kokatutako meskita xiitan atzo eguerdian gertatutako leherketa baten ondorioz, 15 lagun hil ziren, gutxienez, eta ehun bat zauritu. Mohamed Ali Jinna Pakistango lehen buruzagiak musulman xiita eta suniten arteko adiskidantzaren lekuko bezala eraikiarazitako Sindh Madrassa eskolan atentatu bat gertatzeak agerian utzi du bi musulman komunitateen arteko gatazka odoltsua ez dela oraindik amaitzeko bidean.
Leherketa 13:15 inguruan (10:15 Euskal Herrian) gertatu zen eta iluntzean ez zen oraindik argi atentatu suizida bat izan zen ala ez. «Segurtatzen ahal dut eraso suizidabat izan dela; oraindik nortasuna ezagutzen ez dugun gizonezko bat jarri da otoitzegileen artean eta berarekin zeukan lehergailua eztandarazi du», esan zuen Sindh probintziako gobernuaren eledun Salahudin Haiderrek. Alabaina, zenbait lekukok ziurtatu zuten gizonezko bat ikusi zutela meskitan sartzen eta berehala ateratzen eta handik denbora gutxira gertatu zela leherketa.Zartegiteak, dena den, ondorio larriak eragin zituen. «Ospitale batean 14 hildakoren izen-abizenak bildu ditut eta beste erietxe batean beste batena», aditzerat eman zuen Salman Waheed poliziaburuak. Hildakoen artean, otoitzaldia zuzentzen ari zen Khawaja Kumail imama bazela zehaztu zuen Waheedek. Honen arabera betiere, leherketak ehun bat lagunen zauritzea eragin zuen eta hauetatik batzuk larri zeudenez ez zuen baztertzen hilen kopurua ugaltzea.Atentatua gertatu eta gero, lekuko batzuek zehaztu zuten xiitak zein ere sunitak eskuz esku zebiltzala salbakuntza lanetan,hots, etxe apurkinen azpian harrapatutakoen sorosteko ahaleginetan. Era berean, musulmanen arteko indarkeriaren aurkako oihuak airera bota zituzten. Hala eta guztiz ere, eraso honek sutan jarri zituen xiita gazte batzuk, eta hauek harriak jaurti zituzten atentatuaren lekura joan ziren polizia ibilgailuen aurka. Protestgile hauek Poliziari leporatzen zioten musulman xiiten babesteko beharko liratekeen neurriak ez hartzea.
Indarkeria olde etengabea
«Egitate barbaro bat izan da eta oraindik ez dakigu nortzuk izan litezkeen egileak», aditzerat eman zuen Karachiko senadore xiita Abbas Komeniik. «Gobernuak badaki nor den atentatu honen atzean» ziurtatu zuen, ostera, Mirza Jusuf Hussein Karachiko xiiten buruzagi batek. Honen arabera, Afganistanekiko mugaldean kokatuak diren sunita leinuetan ezkutatzen dira xiiten kontra dihardutenak. Husseinek zioen Pevez Musharraf presidentearen gobernuak amnistia eskaini diela sunita hauei, iragan martxoan Al Kaedako kideen aurka Hego Waziristan eskualdean burututako ekitaldi militarretik landa.
Pakistanen sortzaile eta lehendabiziko presidente Mohammed Ali Jinnahek musulman xiiten eta suniten arteko adiskidantzaren lekuko bezala eraikiarazi bazuen ere Karachiko Sind Madrassa eskola, bi komunitate hauen arteko indarkeriak nabarmen areagotu dira berriro 1990eko hamarkadaz geroztik. Haatik, Pakistaneko musulmanen %15 osatzen duten xiitek dituzte bortizkeria hauek gehien pairatzen.Hala, atzoko atentatua baino lehen gertatutako azken erasoa iragan martxoaren 2an jazo zen Quetta hirian. Ashura erlijio jaia ospatzen ari ziren prozesio bateko jarraitzaileen aurka tiro egin zuten eta granadak bota zituzten lau gizonezkok, 48 xiita hilda. 2003ko uztailaren4an, berriz, Quettan betiere, komando batek eraso egin zien meskita batetik ateratzen ziren sinesdunei, hauetatik 50 inguru hilda.
PAKISTAN
Gutxienez 15 hil Karachin, xiiten kontrako erasoan
Lehergailu batek eztanda egin zuen eguerdi aldean Sind Madrassako meskita xiita baten, eta ez zen argi geratu ekintza suizida bat zen ala ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu