Palestina

Gutxienez 188 dira Israelek Gazan hildakoak

Hildakoetatik 55 haurrak dira. Israelgo armadak Hamaseko buruaren etxea bonbardatu du bart, baita komunikaziorako antenak eta hainbat komunikabideren egoitza zen Al-Jalaa dorrea ere. Gazakoez gain, Israelgo Poliziak 21 lagun hil ditu Zisjordanian.

Israelek ostiralean hil zuen 15 urteko Mahmud Tolba. Argazkian haren ama eta anaia. HAITHAM IMAD, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Paulo Ostolaza
2021eko maiatzaren 15a
16:27
Entzun

F-16 motako hegazkinak izan ziren lehenik, Gazako hesiaren ingurura bidalitako tankeak jarraian, eta atzoz geroztik itsasoz ere bonbak jaurtitzen ditu Israelgo armadak. Bonbardatu duten azken helburuetako bat Yahya Sinwar Gazako Hamasen buruaren etxea izan da; oraindik ez dago buruzagiaren egoeraren berririk, baina, Haaretz egunkariaren arabera, bonbardaketa izan zenean ez zegoen etxean.

Palestinarren segurtasun zerbitzuetako iturriek baieztatu dute erasoa, eta Tel Avivek ere eman zuen haren berri sare sozialetan. Azken orduetan, Hamaseko beste buruzagi batzuen etxeei ere eraso diete. Sinwar martxoan hautatu zuten berriz Hamasen adar politikoaren buru.

Palestinako Osasun Ministerioaren datuek eta herritarrek eurek zabaldutako irudiek erakusten dute norainokoa den hondamendia: dozenaka etxebizitza suntsituta, 188 palestinar hilda —tartean Al-Shatiko errefuxiatu gunearen aurkako erasoan hildako familia bereko hamar kide—, eta 1.200 zauritutik gora. Hori, Gazan. Zisjordanian beste 21 zibil palestinar hil dituzte azken orduetan, erasoaldia salatzeko egindako protesten kontra jota; 4.000tik gora dira zaurituak han. Abisatu dutenez, hondakinen artean bila dabiltza, eta litekeena da Gazako zifrak gora egitea datozen orduetan.

Gazako egoeraz jarduteko, bilduta dago uneotan NBE Nazio Batuen Erakundeko segurtasun kontseilua. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak argi utzi du bileraren helburua: «Borroka gerarazi behar dugu. Alde batetik, berehala eten behar dute suziri jaurtiketa, eta, bestetik, lurrez egindako erasoak eta bonbardaketak».

Hamasen suziriei erantzuteko aitzakiarekin hasitako erasoaldia sarraski bilakatu du Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gobernuak. Israelek astebetean 500 tona lehergailu jaurti ditu bi milioi palestinarren etxe den 365 kilometro koadroko eremuan. Dena den, Netanyahuk gaur bertan esan du armadaren operazioa «justua eta etikoa» dela, eta argi utzi du «Hamasen erasoei erantzuten» jarraituko dutela.

Israelen arabera, «ehunka» izan daitezke hildako Hamaseko kideak. Tel Avivek dio Hamasek eraikitako tunelak eta talde armatuen egoitzak suntsitu dituela bonbardaketekin. Erasoaldian komunikabideak manipulatu izana ere egotzi diote estatu juduari. Izan ere, ostegun iluntzean Twitter sare sozialean mezu bat zabaldu zuen armadak, zeinaren arabera «aireko eta lurreko armada Gazari erasotzen» hasia zen. Txioak berehalako oihartzuna izan zuen, eta, armadako iturriek «gaizki-ulertua» izan zela zabaldu arren, albisteak lurpeko tuneletan ezkutatzera bultzatu zituen Hamaseko eta Jihad Islamikoko kideak. Handik gutxira, tunelak bonbardatu zituen armadak.

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari Tamara Alrifaik gogor gaitzetsi zuen Shatiko errefuxiatu kanpalekua bonbardatu izana, noiz eta erasoaldiaren ondorioz inoiz baino iheslari gehiago dauden honetan. «Giza hondamendia da Israel Gazan egiten ari dena, baita Zisjordanian egiten ari dena ere. Gehiegizko indarkeria baliatzen ari dira». Kritiken aurka Israelgo iturriek erantzun zuten kanpalekuan «ezkutatutako milizianoak suntsitzea» zela euren helburua, baina ez zuten hitzik esan bonbek hildako zibilei buruz.

Errefuxiatu gunearen aurkako bonbardaketatik ordu gutxira heldu zen Hamasen erantzuna. Dozenaka suziri jaurti zituzten hiriburuaren aurka. Tel Aviven bertan eta beste hainbat hiritan sirenak piztu ziren, eta misilen aurkako ezkutua sartu zen indarrean. Suzirietako batek, ordea, apartamentu baten aurka jo zuen, eta bertan zegoen 50 urteko gizon bat hil zen hondakinen artean harrapatuta. Netanyahuren gobernuak erasoaldia hasi zuenetik, hamar israeldar hil dituzte.

Erasoa Al-Jalaa dorreari

Azken orduetan, komunikaziorako antenak eta dozenaka komunikabideren egoitza den Al-Jalaa dorrea suntsitzeari ekin dio armadak. Bonbak jaurtitzen hasi baino ordubete lehenago eman zioten abisua eraikinaren jabeari, telefonoz. Hura saiatu zen militarrekin negoziatzen, kazetariei euren tresnak eta artxiboak handik ateratzeko denbora eman ziezaieten, baina ez zuten luzapenik onartu. Lehen misila erori zenetik bi segundora, lurrean zen eraikina. Arratsaldean beste dorre bat husteko agindua eman zuen Israelek.

Erasoak hautsak harrotu zituen nazioartean, eta, lehen aldiz, Etxe Zuriak ere kritikatu egin zuen. AEBetako Gobernuko eledun Jan Psakik nabarmendu zuen «kazetarien eta komunikabide independenteen segurtasuna bermatzea erantzukizun gorena» dela. Erasoaldia hasi dutenetik Washingtonek Israelgo Gobernuari egindako lehen kritika litzateke atzokoa; izan ere, orain arte behin eta berriz berretsi du Joe Bidenen gobernuak estatu juduak «bere burua defendatzeko eskubidea» duela. Hain zuzen ere, argudio horri lotuta, Palestinak NBE Nazio Batuen Erakundean duen ordezkaritzak txio bat bota zuen Twitterren Bideni galdetuz nola kokatu litekeen «defentsa» horren barruan kazetarien egoitza bonbardatu izana.

 

Bidenek berak larunbatean deitu zion lehen aldiz PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasi, baita Netanyahuri berari ere. Etxe Zuriaren arabera, «tentsioa baretzea» izan zen deiaren helburua. Netanyahuk, berriz, eskertu egin zuen «AEBen baldintzarik gabeko sostengua», eta adierazi zuen «ahalegina» egiten ari zirela heriotza zibilak ez eragiteko.

Lurraldean zeuden hamar argindar dorreetatik zortzi suntsitu ditu Israelek, eta ilunpean utzi du eremuaren zati handi bat; zenbait iturriren arabera, ur araztegi bat ere jo dute misilek. Elikagaiak lortzea ere gero eta zailagoa bilakatu da, nekazaritza eremuak ere bonbardatu dituztelako eta garraioak etenda daudelako. «Erasoaldia hasi zenetik, egunetik egunera gogorragoak dira bonbardaketak, batez ere gauean», azaldu du Al Jazeerako kazetari Yumna al-Sayedek.

«Heriotza arabiarrei»

Gazan ez ezik, Zisjordanian ere israeldarren jomuga bilakatu dira palestinarrak. Bart gauean, eskuin muturreko israeldar talde bat Haifan sartu da, «heriotza arabiarrei» oihuka eta Poliziak babestuta. Beste hainbat hiritan, berriz, protestak lehertu ziren bart Gazaren aurkako erasoaldia salatzeko. Baina Poliziak gogor jo zuen manifestarien aurka, eta gutxienez 13 pertsona hil eta beste 500 inguru zauritu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.