Nigeriako Borno estatuan, Gamboru herrian izan da sarraskia. Eta oraindik hildakoen kopuruak gora egin dezake. Izatez, astelehenean izan zen erasoa, baina asteazkenean jakin zen horren berri. Mohamed Abariren testigantza jaso du Efe agentziak: tiro eta jendearen desesperazio oihuen artean esnatu zen Abari. "Jende asko lo zegoen pistoladunak iritsi zirenean". Ondoko baso batera joan zen Abari, ezkutatzera, giroa lasaitzean hirira, Maidugurira, joateko asmoz; bizilagun batekin egin zuen topo han, eta hark esan zion 300 hildako zenbatu zituela.
Abdulrahman Terab diputatu federalak ere hildako gehiago izan daitezkeela baieztatu du tokiko egunkari batean: "200 baino gehiago zenbatu dituzte, eta oraindik ez dute bukatu". Lekukoek adierazi dutenez, 250 etxe inguru suntsitu zituzten erasotzaileek, eta herritarrei zuzenean tiro egin zieten.
Inork ez du ardura bere gain hartu, baina agintariek 200 neskatila bahitu dituen Boko Haram taldeari egotzi dio erasoa. Igandetik astelehenerako gauean beste zenbait neskatila bahitu zituela zabaldu zen; guztira, 11 izan daitezke.