Turistaz betetako autobus batek istripu larria izan zuen bart Veneziako Mestre hirian (Italia). Tokiko erakundeek jakinarazi dutenez, gutxienez 21 lagun hil dira (tartean bi ume), eta beste 18 zaurituta daude. Autobusa 15 eta 30 metro bitarteko zubi batetik erori zen trenbide batera, eta su hartu zuen jarraian.
Istripua 19:00ak eta 20:00ak artean gertatu zen, eta 22:00etarako gorpu guztiak atereak zituzten larrialdi zerbitzuek. Autobusa Veneziatik Marghera herrira zihoan, eta, argitu ez dituzten arrazoiengatik, errepidetik irten zen, gune turistikotik 10 kilometro ingurura. Inguruko kanpin batean ostatu hartuta zeuden turistak ziren bidaiariak, atzerritarrak gehienak.
Suhiltzaileak lanean, autobusa erori zen errepidetik begiratuta.Stringer / EFE
Lekuko batzuek RAI telebista kate publikoari azaldu diotenez, autobusa balantzaka ikusi zuten zubi gainean, abiadura motelean, erori eta sutan hasi aurretik. Suhiltzaileak berehala agertu ziren ezbeharra gertatu zen lekura, eta azkar itzali zuten sua. «Eszena apokaliptikoa» izan zela kontatu dute.
Luigi Brugnaro Veneziako alkateak dolu eguna iragarri du. Mestre Veneziarekin lotzen duen tren zerbitzua etenda dago.