Mexiko Hiriko metroaren 12. linean, Olivos eta Tezonco geltokien artean, zubi bat erori egin da bart, eta trena errepidera amildu da handik. «Zoritxarrez, habe batek amore eman du konboia igaro denean», adierazi du Claudia Sheinbaum Mexiko Hiriko gobernuburuak. Gutxienez 23 pertsona hil eta beste 70 zauritu dira ezbehar horretan.
Jose Alfonso Suarez del Real Mexiko Hiriko Gobernu idazkariak esan du zaurituak Tlahuaceko eta Iztapalapako ospitaleetara eraman dituztela. Ez dago argi zein diren hildako gehienak, metroko bidaiariak ala azpian harrapatutako oinezko edo gidariak.
Lehen irudietan zabaldu denez, bi bagoi erori dira Tlahuac hiribidera, eta dozenaka ibilgailu zebiltzan han. Larrialdi zerbitzuak berehala joan dira zaurituak artatzera eta trena bidetik kentzera. Zubia hogei bat metrotara dago, eta bi bagoiak V forman geratu dira handik zintzilik.
Larrialdi zerbitzuak lanean, istripuaren lekuan. SASHENKA GUTIERREZ / EFE
Marcelo Ebrard gobernuburu zenean eraiki zuten instalazio hori. 12. linea 2012ko urriaren 30ean inauguratu zuten, baina 2014ko martxoan itxi egin behar izan zuten, huts batzuengatik, eta zatika jarri zuten berriz martxan, 2015eko urriaren eta azaroaren artean. Miguel Angel Mancera alkatearen agintaldian berritu zuten zati hori, eta, hainbat hedabidek jaso dutenez, herritarrek adierazi dute egitura ahulduta geratu zela 2017ko iraileko lurrikaren eraginez.
Mexiko Hiriko metroan sei milioi pertsona inguru ibiltzen dira lanegunetan. Hainbat elkartek salatu izan dute instalazioak prekarioak direla, eta behar besteko mantentze lanik egiten ez dutelako eteten dela zerbitzua horrenbeste aldiz.