Gutxienez 28 lagun hil dira gaur goizaldean Sri Lankan, ustez ekintzaile suizida batek aldean zeraman bonba leherrarazita, iturri ofizialek zabaldu dutenez. Hildakoetako 20 soldaduak dira, eta zortzi zibilak. Erasoa errefuxiatu gune batean izan da, uhartearen iparraldean, armadak LTTE tamil tigreen gerrilla independentistari berriki kendutako eremu batean. Bestalde, webgune tamil batek salatu du Sri Lankako armada LTTE tamil tigreen gerrillaren kontrako asteotako erasoaldian ehunka zibil hil dituela egunotan.
Armadak LTTE gerrilla independentistari leporatu dio erasoa. Armadako eledun Nanayakkararen esanetan, emakumezko ekintzaile suizida batek egin du erasoa Visuamadun, eta "errefuxiatu gunea" zuen jomugatzat. Sri Lankako armadak erasoaldi zabala du martxan azken asteetan, uhartearen ipar-ekialdean, tamilek herrialde independentea eraiki nahi duten eskualdeetan. Hala, airetik, itsasotik eta lurretik egindako bonbardaketetan hainbat herri eta kanpamendu suntsitu dituzte; ondorioz gerrillari ugari eta beste hainbeste zibil hil dituztela salatu dute giza eskubideen aldeko erakundeek. Gainera, etnia tamileko herritarren ihesa eragin dute bonbardaketek eta borrokek.
Gaurko erasoan 40 lagun zauritu dira eztandaren ondorioz.
Ehunka zibil hildako azken egunotan
Sri Lankako armada LTTE gerrilla tamilaren kontrolpeko eremuen kontrako erasoaldian ehunka zibil tamil hil ditu egunotan, Tamilnet webguneak ezagutarazi duenez.
"Sri Lankako armadak itsuan eginiko artilleria bonbardaketan 80 zibil baino gehiago hil eta 200dik goiti zauritu ditu Chutanthirapuram hiritik gertu. Armadak botatako obus bakoitza oso gune populatuetan erortzen ari da, eta jendeak bunkerren barruan hartzen du aterpe. Beste herritar batzuk, armadaren etorreraren beldur, ihesari ematen dio, LTTEk kontrolatzen duen eremuetan aterpe hartu nahirik, eta bidean haiek bonbardatzen segitzen du armadak", azaldu du Tamilnet-ek Vanni hirian duen kazetariak.
"Armadak ostiralean eta larunbatean Chuthanthirapuram, Iruddumadu, Udaiyaarkaddu eta Theavipurameko eremu seguru-etan eginiko bonbardaketetan 120 zibil baino gehiago hil ditu. Ostiralean gutxienez 59 zibil hil zituen, eta larunbatean 62tik goiti", zehaztu du webguneak.
Gainera, ostiralean armadak Puthukkdiyiruppu hiriko Ponnampalam ospitala bonbardatuta 61 gaixo hil zituela azaldu dute iturri tamilek.
Mundua
Gutxienez 28 lagun hil ditu Sri Lankan ustez ekintzaile suizida batek
Hildakoetako 20 soldaduak dira, eta zortzi zibilak. Armadak gerrilla tamilari leporatu dio errefuxiatu gune batean izandako erasoa. Bestalde, webgune tamil batek salatu du Sri Lankako armada LTTE tamil tigreen gerrillaren kontrako asteotako erasoaldian ehunka zibil hil dituela egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu