Bartzelonako Can Vies zentro soziala babestu asmoz mila manifestari inguru bildu ziren atzo Sants plazan. Hirugarren egunez, istiluak lehertu ziren mossoen eta manifestarien artean. Hainbat lagunek edukiontziak erre zituzten eta mossoek haien aurka kargatu zuten. Orduak igaro ahala, istiluak inguruko kaleetara zabaldu ziren. Iturri ofizialen arabera, 30 bat pertsona atxilotu zituzten.
Astelehenean joan zen Polizia Bartzelonako Sants auzoko Can Vies zentro sozialera, bertan zeudenak aterarazi eta etxe okupatua eraisteko. Protesta ugari izan dira geroztik, eta su eman diote eraisteko lanetan ari den garabiari. Santsen egin zituzten lehen protestak, baina beste auzo batzuetara zabaldu dira; Graciara, bereziki. Protestak hasiz geroztik, nabarmen handitu dituzte Sants auzoko segurtasun neurriak. Horretaz gain, zenbait metro geltokietarako sarrera irteerak itxi egin dituzte.
Manifestazio gehiago izan dira Bartzelonatik kanpo ere. Tarragona, Lleida, Girona, Manresa, Hospitalet de Llobregat eta Mataron egin dituzte protestak, besteak beste.
Can Vies zentro soziala kultur ekintzetarako erabiltzen zuten bertako bizilagunek, eta auzoko gehienak hura eraistearen aurka daude.