Asteburuak ondorio larriak utzi ditu Myanmarko Depayin eskualdean. Armadak ofentsiba bat hasi du eremuan, eta 31 lagun hil dituzte, gehienak FDP Depayingo Herri Defentsarako Indarretako kideak. Horrez gain, 10.000 lagunek euren etxebizitzetatik ihes egin behar izan dute. Izan ere, otsailaren 1ean estatu kolpea gauzatu zutenetik, junta militarraren aurkako manifestazioak areagotzeaz gain, nabarmen egin dute gora armadaren eta mugimendu independentisten aurkako borrokek.
Armadaren eta herrialdeko junta militarraren aurkako milizien arteko borrokak ostiralean hasi ziren Myanmar iparraldeko eremu hartan. FDPk salatu dutenez, 150 militar inguruk Stpyarkyin hartu zuten, eta «armamentu astuna» erabili herritarren aurka. Larunbatean eman ziren liskarrik handienak, eta orduan hil zituzten herritar gehienak, FDPk jakinarazi duenez: «Gorpuak jasotzera joan zirenek 31 zenbatu zituzten». Halere, hildako gehiago egon daitezkeela uste dute.
Global New Light of Myanmar egunkariaren arabera ─junta militarraren aldekoa da─, soldaduek «terrorista armatuen» erasoak jasan zituzten ostiralean, Depayinen, Minginen, Kawlinen eta Htigyaingen. Denak ere iparraldeko Sagaing estatuko eremuak dira. Eraso horietan militar bat hil zela jakinarazi dute, eta beste sei zauritu.
Otsailaren 1eko estatu kolpetik, junta militarraren aginduetara dauden segurtasun indarrek 880 lagun hil dituzte, AAPP Preso Politikoen Babeserako Erakundearen arabera. Horrez gain, 5.104 lagun atxilotu dituzte, iazko iraileko bozetan iruzurra egiteagatik eta kolpearen aurkako protestetan parte hartzeagatik.
Atxilotuen artean daude otsailera arte agintean zegoen NLD Demokraziarako Liga Nazionaleko buruzagiak ere. Alderdi hark aise irabazi zituen bozak, baina herrialde armadak ez zituen ontzat jo, eta hainbat delitu egozten dizkie. Auzitegitik hainbat aldiz igaro behar izan dutenen artean dago NLDko lider eta Myanmarko Estatu kontseilari ohi Aung San Suu Kyi. Besteak beste, istiluetara bultzatzea, ustelkeria, koronabirusaren aurkako neurriak ez errespetatzea eta inportazio eta esportazio legeak urratzea leporatzen dizkiote.
NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Asean Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoak hainbat aldiz eskatu diote Myanmarko junta militarrari «herritarren aurkako erasoak» geratzeko, baina, apirilaren hasieran su-eten bat iragarri arren, haiek ez dira eten. Nagusiki Kachin eta Karen estatuetako mugimendu independentisten aurkako borrokak eta aire erasoak izan dira, baina herrialde osora hedatu dira.