Turkiak gutxienez 35 lagun atxilotu ditu, horietako gehienak kazetariak, PKK Kurdistango Langileen Alderdiari laguntzea leporatuta. KCK Kurdistango Herri Konfederazioaren Kultura eta Prentsa Batzordeko kideak izatea egotzi die Turkiako Gobernuak. EB Europako Batasuneko txostenaren arabera, KCKren aurkako operazioetan 2.000 lagun atxilotu dituzte azkenaldian.Turkiako 700 kazetari, irakasle eta eragilek itun bat sinatu dute, atxiloketak giza eskubideen eta prentsa askatasunaren aurkako erasoa direla salatuz.
Kurduen komunikabide nagusien egoitzetan sartu da Polizia, eta bertako langileak atxilotueta materiala lapurtu du. Hala, Bir Gun eta Ozur Gundem egunkarietako eta Etha Diha eta Anf agentzietako langileak dira preso hartutakoak. Horretaz gain, Afp agentziako argazkilari bat eta kazetari agentziako kide bat ere atxilotu dituzte.
BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduko bozeramaile Filiz Koçalik AKP Justizia eta Garapenerako alderdiari leporatu dizkio kurduen eskubideen aurkako erasoak, eta atxiloketen aurka protesta egitera deitu du: «Komunikabideen aurkako erasoak egiteaz ez da inoiz ase geldituko AKP. Gobernuak entzun nahi ez duena argitaratzen dutenak isilarazi nahi ditu, kazetariak atxilotuz eta materiala lapurtuz». Koçaliren arabera, eraso honek munduko azken postuetara jaitsi du Turkia giza eskubideen alorrean.
Protestak atxiloketen aurka
Turkiako Gobernuak kurduen atxiloketa kopurua handitu du azkenaldian. Kazetariez gain, kulturaren munduko eragileak ere atxilotu ditu; esate baterako, Busra Ersanli irakaslea eta Ragip Zarakolu editorea.
Ahmet Abakay kazetarien agentziako presidentearen esanetan, gobernuak zentsura gogorra jarri die komunikabideei: «Kazetari guztiek eraso honen aurka protesta egin dezaten espero dugu. Atxiloketek beldurra eragiten dute, eta komunikabideok ez dugu askatasunez lan egiterik».
Gutxienez 35 kazetari atxilotu ditu Turkiak, PKKrekin lotura dutelakoan
Itun bat sinatu dute 700 lagunek, giza eskubideen eta prentsa askatasunaren aurkako erasoa izan dela salatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu