Bidaiari zibilak zeramatzan autobus baten aurka lehergailu batek eztanda egitearen ondorioz, 36 lagun hil eta beste 72 zauritu ziren gutxienez, Nepal hego mendebaldean atzo. Erasoa gertatu zen gerrilla maoistak kontrolatzen duen eskualde batean. Honezkero, Katmanduko agintariek gerrillariei egotzi zieten atentatu honen ardura.
Erasoa, atzo goizeko 08:00ak inguruan (04:15 Euskal Herrian) gertatu zen Chitwango distritoan kokatutako Badarmude herritik hurbil, Katmandu hiriburutik 180 kilometro hego mendebaldera. Nepalgo armadak emandako argibideen arabera, hogei bat kilo lehergaiez osatuta zegoen bonba batek zart egin zuen, ehun bat bidaiari zeramatzan autobus bat gainetik igaro zen unean. Militarrek ziotenez beti, lehergailuaren zartatzea urrunetik agindu zuten. Autobusa gainezka beteta zegoelarik bidaiari batzuk hegatsean jarrita ziren eztandak ondorio itzelak izan zituen. Atzo arratsaldean emandako balantze baten arabera, autobusean zihoazen 36 bidaiarik bizia galdu dute eta beste 72 zauritu dira, gutxienez. Zenbait ordu lehen, irrati publikoak emandako balantze baten arabera, erasoaren ondorioz hildakoak 53 ziren eta zaurituak 40. Armadak zabaldutako agiriak ez zuen baieztatu, arduradun militar batzuek aurretik emandako datu bat, hots,hildakoen artean, segurtasun indarretako hiru kide bazirela.Leherketaren indarrak 1,5 metroko zabalera zuen zulo bat eragin zuen bidean. Ufakoaren ondorioz ere, autobus aireratu egin zen apur bat eta erortzean bi zatitan puskatu egin zen. Eztandaren ufakoaketa lehergailuaren puskakinek zituzten, haatik, bidaiariak hil edo kolpatu.
11.000 hildako 1996. urtetik
«Terroristek ondo zekiten autobuseko bidaiariak zibilak zirela eta ibilgailua gainezka zegoela; hala eta guztiz ere, bonba zartarazi dute» zioen Nepalgo armadak zabaldutako agiriak. Erasoaren erantzukizuna gerrilla maoistari egotzi bazioten ere Katmanduko agintariek, gerrillariek, aldiz, ez zuten euren gain hartuta, atzo iluntzean.
Eraso gertatu den Chitwango distritoa, haatik, gerrilla maoistaren kontrolpean dago, Nepalgo mendebalde ia osoa bezala.Gerrillariek, baina, Katmanduren manupeko soldaduak eta segurtasun indarretako kideak dituzte ohian jomugatzat hartzen. Erasotzen dituzten herritar zibil bakarrak dira, segurtasun indarrekin esku-esku ibiltzeaz akusatzen dituztenak.Gerrilla maoista 1996. urtean piztu zen eta orduz geroztik 11.000 lagunetik gora hil dira, gerrillarien eta Katmanduko agintearen manupeko segurtasun indarren arteko bortizkerien ondorioz. Gerrilla maoistak errege agintearen uzkailtzea du helburu eta gaur egun Nepalgo eremuaren %70 inguru kontrolpean hartuta dauka. Eskualde hauek kontrolatzeaz gain, gerrillari maoistek Katmandu hiriburua blokeatu egin dute sarritan.Gatazka areagotu egin zen joan den otsailaren 1ean, Gyanendra erregea botere guztiez jabetu egin zelarik. Gobernuaren kargutik kentzea eta askatasun zibilen galaraztearren, erregeak azaldu zuen orduko lehen ministroak gerrilla maoistarekiko negoziaketak bideratzean porrot egin zuela. Gyanendra erregeak agindu zuen demokrazia berrezarriko zuela hiru urteko epean, gerrilla menperatu eta gero. Armadak, bere aldetik, aldarrikatu zuen maoistak «indararrez halabeharrez» negoziatzerat behartuko zituela.
NEPAL
Gutxienez 36 hil, autobus baten kontra bonbat bat lehertu eta gero
Maoistek kontrolatzen duten eskualde batean gertatu da erasoa, eta agintariek haiei egotzi diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu