Venezuelako polizia etxe bateko atxilotze zentroan 68 hildako eragin ditu, gutxienez, sute batek. Venezuelako fiskal nagusi Tareck William Saaben esanetan, matxinada baten ondoren piztu da sutea. Hildako gehienak presoak dira. Bisitan joandako bi emakume ere zendu dira ezbeharrean. Oraindik ez dira argitu presoen matxinadaren arrazoiak.
NBEren Giza Eskubideetarako Goi Agintariaren Bulegoak "ikerketa azkar, sakon eta eraginkorra" eskatu dio Venezuelari, "hilketak argitu, hildakoen senideei ordaina eman eta arduradunak epaitegien esku uzteko, hala badagokio".
Carabobo estatuko Valentzia hiriburuan izan da sutea, Venezuelako Poliziaren Komandantzian. Hildakoen senide batzuk bertara joan dira, eta polizia etxea inguratu dute gertatutakoaren informazio eske. Liskarrak izan dira senideen eta poliziaren artean. NBEk kezka agertu du poliziak gas negar-eragilea erabili duelako. "Agintariei dei egiten diegu familien informazio eskubidea eta era baketsuan biltzeko eskubidea errespetatzera".
Zeid Raad al Hussein goi agintariak adierazi du Venezuelako polizia etxeetako atxilotze zentroak espetxe modura erabili ohi direla eta "atxilotze baldintza ikaragarriak" izan ohi dituztela preso kopuru handiak pilatzen direla eta. Justiziaren atzerapenak eta badaezpadako atxilotzeen gehiegizko erabilerak pilaketa hori areagotzen dutela adierazi du.
NBEk Nicolas Maduroren gobernuari dei egin dio atxilotze baldintzak hobetzera, "giza eskubideen nazioarteko estandarretara" hurbiltzeko. Torturaren kontrako neurriak ere galdegin dizkio.