Iraken inbasioa

Gutxienez 68 lagun hil dituzte Basoran, lau erasotan

Lau atentatu egin dituzte gaur goizean Basoran, eta, gutxienez, 68 lagun hil dira leherketa horietan. Erasoetatik hiru, poliziaetxeen aurka egin dituzte, hiriko alkateak agertu duenez, bonba-autoekin. Nolanahi ere, leherketa horiek eskolaumez betetako bi autobus harrapatu dituzte, eta, ondorioz, haurrak dira hildako eta zaurituetako asko. Laugarren erasoa Basora hegoaldean gertatu da, eta lau irakiar hil eta Erresuma Batuko lau soldadu zauritu ditu. Halaber, Falujan borrokak izan dira,Erresistentziako indarrek militar estatubatuarrak erasotu dituzte. Zubeiren, berriz, Erresuma Batuko lau soldadu zauritu dituzte; bi larri.

2004ko apirilaren 21a
17:45
Entzun
Basorako erasoak ekintzaile suizidek egin dituzte, eta kalteak handiak izan dira: gutxienez 68 hildako eta 200 lagunetik gora zauritu. Erasoetako hiru Poliziaren kontra egin dituzten arren, hildako gehienak zibilak izan dira; asko haurrak.

Falujan ere erasoak izan dira gaur goizean. AEBetako polizia indarrek azaldu dutenez, Irakeko erresistentziak eraso egin diete soldadu estatubatuarrei. 35 granada eta proiektil bota dizkiete, eta zenbat diren zehaztu ez duten arren, hildakoak badirela zabaldu dute. Soldadu estatubatuarrek hiria inguratuta dute orain bi astetik.

Erresuma Batuko soldaduak ere erasotuak izan dira gaur, Zubeir hirian. Erresuma Batuko Defentsa Ministerioak esan duenez, leherketa bat izan da, eta lau soldadu zauritu dira, bi larri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.