Astelehen eguerditik sua ezin itzali dabiltza Grezian. 79 hildako zenbatu dituzte jada eta zaurituak 170 baino gehiago direla adierazi dute Greziako suhiltzaileek. Erreskate taldeen arabera hildako kopurua datozen orduetan igo daiteke ehunka pertsonak desagertuta jarraitzen dutelako. Gainera, suhiltzaileak oraindik itzali gabe dauden bi su itzali nahian dabiltza Atenas mendebaldean.
Mati izan da suteak gehien kaltetu duen herria. Bertan aurkitu dituzte biktima denak. Iturri ofizilaen arabera, etxean eta autoan hil ziren biktimetako asko. Bertze biktima batzuk, aldiz, irteerarik ez zuten kaleetan itxita hil ziren. Urbanizazio planik gabe eraikitako herria da eta irteerarik gabeko kaleak tranpa bihurtu ziren suteetatik ihes egiteko. Pinuz inguratuta dagoen herria izanik, sua azkar zabaldu zen. Hondartzara iristea lortu zuten 700 pertsona baino gehiago erreskatatu zituzten hainbat itsasontzik Matin.
Elkartasun uholdea
Grezian izan diren sute larriek elkartasun uholde "izugarria" sortu dute. Milaka pertsonak eskaini diete etxebizitza eta janaria suteen ondorioz bizilekua galdu duten herritarrei. Greziak laguntza eskatu ostean Europako hainbat estatuk hegazkinak bidali dituzte sua itzaltzen laguntzeko. Mugarik Gabeko Medikuak Rafinan —suteak kaltetutako herrietako bat— dira bertako osasun zentroan laguntzeko.
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak kaltetuei 20 milloi euro bideratuko dizkiela adierazi zuen atzo eta gaur kopurua 10 milloi eurotan igo du. Gainera, hiru egunetako dolua egiten ari dira Grezian.
Fiskaltza suteen jatorria ikertzen ari da. AFP berri agentziak zabaldu duenez, litekeena da suteak nahita piztutakoak izatea.