Gutxienez 80 hildako, Jabaliako errefuxiatu guneari egindako erasoan

Israelgo armadak beste hamabost pertsona hil ditu Khan Yuniseko eraikin bat bonbardatu ondoren. Al-Xifako ospitalea ebakuatzen hasi dira, Tel Avivek hala aginduta.

KHAN YUNIS. PALESTINA.
Khan Yuniseko herritar batzuk, atzo, Israelek hango eraikin batbonbardatu ondoren. HAITHAM IMAD / EFE
Igor Susaeta.
2023ko azaroaren 18a
20:35
Entzun

Israeli berdin zaio. Azken bi asteetan aliatuek ere eskatu diote bere esku dagoena egin dezala Gazako zibilak erasoetatik babesteko, baina atzo gutxienez hiru bonbardaketa hilgarri egin zituen zerrendan. Bi iparraldean, Jabaliako errefuxiatu gunean, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia baten kudeaketapean dagoen aterpe bihurtutako Al-Fakhoora eskolan eta inguruko eraikin batean; eta hirugarrena hegoaldean, Khan Yuniseko eraikin batean. Gazako iturri ofizialean arabera, iparraldeko erasoek 80 hildako inguru eragin zituzten, eta hegoaldekoak, hamabost. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak du aterpearen ardura. Philippe Lazzarini agentzia horren buruak nabarmendu zuen, txio batean, han dozenaka hildako ikus daitezkeen «irudi izugarriak» jaso zituela.

Tamara Alrifai UNRWA erakundeko bozeramaile bat da, eta Al-Jazeera Qatarko telebista kateari esan dio jada ez dagoela «leku segururik» Gazan. Urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako setioa hasi zuenetik, 1,5 milioi lagun baino gehiago joan dira Gaza iparraldetik hegoaldera, Tel Aviven ebakuatzeko aginduari jarraikiz. UNRWAren eledun horren esanetan, «exodoan» parte hartu ez duten zerrenda iparraldeko «herritar askok» NBEk kudeatutako leku horretara jo zuten, pentsatuz horregatik «segurtasun apur bat gehiago» edukiko zutela. «Baina prezio hori ordaintzen ari dira». Tel Aviv etsaituta dago NBErekin, erakundearen idazkari nagusi Antonio Guterresek nabarmendu zuelako, duela hiru aste, Gazako miliziek urriaren 7an Israelen kontra egindako erasoak —1.400 pertsona inguru hil zituzten— ez zirela «ezerezetik sortu».

Jerusalemen, milaka pertsonak eskatu diote Netanyahuri ahalegin handiagoak egiteko bahituak askatzeko.

Hain zuzen, NBEko Segurtasun Kontseiluak ostegunean ebazpen bat onartu zuen Israeli eskatuz «eten humanitarioak» egiteko. NBEren Gutunaren arabera, organo horren ebazpenak bete beharrekoak dira —Tel Avivek 75 urte daramatza halakoei kasurik ez egiten—. Bada, hori egin beharrean, Israelek atzo Gazako ospitalerik handiena, Al-Xifakoa, ebakuatzeko agindu zuen. Hala jakinarazi zuten Gazako iturri ofizialek, baita AFP France-Press berri agentziako kazetari batek ere. Tel Avivek, ordea, ukatu egin zuen agindu hori eman duela.

Kontuan hartu behar da aurreko asteazkenetik ospitale horren bueltan borrokan ari direla Israelgo armada eta Gazako miliziak. Tel Aviven esanetan, Hamasek arma eta lehergailu biltegiak ditu erietxe horren azpian, eta horregatik du helburutzat. 2006az geroztik zerrendaren kontrola duen talde islamistak, baina, Israelen bertsioa gezurtatu du. Horiek horrela, Al-Xifako langile eta paziente gehienak ospitaletik atera ziren, hango iturriek Al-Jazeerari esan diotenez. Telebista horren webgunean ebakuazioaren lekuko baten hitzak aipatuz kaleratu zutenez, ospitaletik atera behar izan zutenei «tratu umiliagarria» eman zieten Israelgo soldaduek, eta «emakume asko» biluzarazi zituzten eta haien gorputzak miatu.

Israelgo armadak 16.000 pertsona baino gehiago hil ditu azken 43 egunetan, Gazako iturriek atzo emandako datuen arabera. Gainera, erasoen ondorioz, zerrenda bera txikitzen ari dira. Eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak azpimarratu zuen atzo, hango hedabideek jaso zutenez, su eten bat egonez gero ospitaleak, eskolak eta beste azpiegitura batzuk berreraikitzen lagunduko duela Ankarak. EB Europako Batasunarentzat eta AEBentzat ez bezala, Hamas ez da «erakunde terrorista bat» Turkiarentzat, baizik eta askapen mugimendu bat.

Erregaiari baietz

Urriaren 7tik 240 pertsona inguru bahituta dauzka Hamasek, eta horiek askatzeko ahalegin handiagoak egiteko eskatu diote bahituen senideek Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri, martxa baten bidez. Duela sei egun abiatu zen Tel Avivetik, eta atzo, Jerusalemera heldu zenean, milaka lagunek bat egin zuten mobilizazioarekin. Orain arte, lau lagun utzi ditu aske Hamasek, eta, Israelen arabera, beste biren gorpuak topatu dituzte. Hamas eta Tel Aviv kopuru esanguratsu bat askatzeko negoziatzen ari dira, Qatarren bitartekaritzarekin.

Bestalde, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea Abdel Fattah al-Sisi Egiptokoarekin batzartu zen atzo Kairon, eta, Bruselako buruak X sare sozialean adierazi zuen biek babesten dutela bi estaturen irtenbidea. AEBek ere hori aldarrikatzen dute. Horren guztiaren harira, Etxe Zuriak ohar bat kaleratu zuen atzo X-n, jakinaraziz Israelek onartu duela Rafahko pasabidetik erregaia eraman ahal izatea Gazara. Tel Avivek betoa ezarria dio erregaia garraiatzeari, argudiatuta hori baliatuko dela Hamasen operazioetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.